Medikuen errebolta

Erabiltzailearen aurpegia ipena 2010ko abe. 30a, 10:49

Iraultzarako deia ez da oraingoa, gaur egun horren aldeko hainbat sustatzaile eta matxinatzeko ziur aski arrazoi bat baino gehiago dagozan arren.

Kontua da lehengo egunean Bilboko liburutegi baten zoko ezkutu batean topau nebala harribitxi bat, 1979ko abenduaren Jakin aldizkaria, Medikuntza Euskadin gaia hartu ebana. Barrualdean, Joan Mari Torrealdaik idatzitako artikulua dago. Eredu erreformazale eta osasun indibidualaren medikuntza anarkistaren artean kokatutako sei osasungilek berba egindakoa jasotzen dau, bibliografia oparoagaz batera. Eta jarraian pasarte batzuk transkribiduko ditut, komentarioekin lagunduta:

"Medikuntza eta agintea elkarren ondoan eta elkarri lagunduz bizi dira". Abadea, alkatea eta medikua, hirutasun klasikoa. Klasikoegia aukeran, gaur egungo bestelako hirutasunak iruditzen jataz neuri behintzat.

"Sanital presupostua Estatuko presupostu orokorra baino 0,1 biloi gehiago da. Eta horren %60 botika industriaren montajearena da. Zer egin honen aurrean: Erreboltatu? Nork eginen du, ordea matxinada hau?". Farmazia industriak eragindako ustelkeria bistan da, noski, baina oso bitxiak dira testuan emondako datuak. Zer arraio izango zan aurrekontu orokorra? Benetan sasoi hartan osasungintzak hainbeste diru jasotzen eban? Ez dot uste ba.

"Medikuen kontra altxatzeko arrazoirik ez zaio jendeari falta, baina ez du inork egingo, medikurik gabe angustiaturik, desanparaturik ikusten bait dute beren burua". Bufa! Eskerrak azkenean altxamendu hori ez zala gauzatu…

"Medikuen esku gelditzen da altxatzea eta bere gizarte-funtzioa aldatzea. Ez gizarte-aldatzaile baizik eta gizarte-frenatzaile da medikua. Gaisotasunaren sustraira jo beharrean, gizarte hau bere akats guztiekin iraunarazi egiten du, pastillak esker-eskuin banatuz". Saltsan sartzen gara azkenean. Prebentzinoa versus botikak. Medikuntza alternatiboak versus ofiziala. Erditze naturala versus epidurala. Txertoak ez ala bai. Ondo da, baina badago bi munduen arteko zubirik? Hurrengo artikuluan sakonduko gara. Bitartean, Egubarri eta Urte barri onak zuei!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak