218.400 kilometro: estatu krimen planifikatua

Iazko urtearen hondarrean izan genuen euskal preso politikoen senide eta lagunek izandako azken istripuaren berri, 2017ko bederatzigarrena.

Kasu hartan, Marta Igarriz presoaren senideek istripua izan zuten Castello I espetxetik itzultzean.

2018ko lehen hilabeteari agur esateko astirik gabe izan dugu urteko lehen istripua: Susana Uribetxeberria oñatiarrak Xabier bikotekidea bisitatzetik zetorrela Salamancan jasandako krimen planifikatua.

Horrela besterik ezin baitugu dispertsio politika definitu: mendekuan oinarritutako estatu krimen planifikatua.

Planifikatua baitago Oñatiko euskal preso politikoak bisitatzeko senide eta lagunok urtean egin behar ditugun kilometro kopurua: 218.400.

Norbaitek uste al du kilometro kopuru hori eginaraztearekin ez direnik istripua izateko aukerak areagotzen?

Euskal preso politikoen senide eta lagunak gara eta, horregatik, kondenatu egiten gaituzte; dispertsioarekin gure eskubideak sistematikoki urratzen dituzte, zigortu egiten gaituzte, soilik, senide edo lagunak izateagatik.

Giza Eskubideak sistematikoki urratzen ditu dispertsioak, bai preso ditugun gure senideenak baita gureak ere.

Eta gaur bezalako egunetan, bereziki gogorra da errepideetara halabeharrez irten behar izatea. Derrigorrez beste aukerarik ematen ez digutelako. Gure bizitza arriskuan jartzera behartzen gaituzte. Elurretara, izotzera irtetera behartzen gaituzte. Errepideetara irten behar gara.

Beste aukerarik ez dugulako.

Gure senide eta lagunak maite ditugulako!

30 urte beteko dituen dispertsio politikak 400 istripu baino gehiago eragin ditu eta 16 dira dispertsioak eragin dituen hildakoak, haien artean Nati Junco oñatiarra 2007an.

Dispertsioa amaitu beharra dago eta hori eskatzeko ezinbestekoa da guztion indarrak metatu eta herri presioa egitea.

Ostiral honetan eskualdeko presoen senideek giza katea burutuko dugu, 19:30ean, Oñatin.

Eskuz esku dispertsioa amaitzeko eskatuko dugu, beste behin.

Bertan espero zaituztegu!

----------

Iñaki Usandizaga Galarraga eta Ramon Arkauz Arana

Debagoieneko preso politikoen senitartekoak

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak