"II. Errepublika (espainola)"

Erabiltzailearen aurpegia

Apirilaren 14a egun seinalatua da.

Espainian eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan Bigarren Errepublika aldarrikatu zeneko urteurrena betetzen da. Aurten 81 urte dira. 1931n ezarri zen, Alfontso XIII.aren monarkiaren ordez, gaur egungo Espainiako estatuburu Borboiaren aitajauna erbesteratzera behartu ostean, eta 1939ra bitarte iraun zuen, Francok, Estatu kolpea eman eta gerra irabazi ostean, diktadura ezarri zuen arte. 

Hainbat alorretan, aldaketa, askatasun eta aurrerapen urteak izan ziren Francoren aurreko urte haiek. 

Hori ukaezina da, batzuek beste iritzi bat izango duten arren. 

Lehen euskal estatutua, Elgetakoa, esaterako, ordukoa da. 

Hori bai, hura ere, gaur egungo Gernikako Estatutua bezala, hiru lurraldetara mugatua, Nafarroa kanpoan utzita. 

Errepublika gogora ekartzeko, bandera hiru kolorekoa jartzen dute Bergaran, Domingo Irala herriko semearen omenezko monolitoan. Bere garaian, ezker abertzaleko ortodoxoek espainolistatzat hartzen zituzten EMK edo LKI edo Zutik edo haien ondorengoek edo ingurukoek edo lagunek jartzen dutela uste dut. Ohiko irudia da apirilaren 14an. Askori, sinpatikoa egiten zaiela esango nuke.

Harritu nauena, ostera, zera da: Bilduk erakutsi duen debozioa Espainiako II. Errepublikarekiko, Donostiako udaletxean beste espainiar bandera hori ere zintzilikatuz. Ez gara, bada, soilik euskal herritarrak, independentzia zaleak eta euskal estatuaren aldekoak? Ez gabiltza gau eta egun lurraldetasuna aldarrikatzen? Eta udako jaiak ailegatzen diren oro, Ikurrina bai, espainola ez!, ikurrinaren aldeko manifestazioak antolatzen? Ez gaude bandera espainolaren aurka? Beste rojigualda bezala, beste hau politagoa izan arren, ez da, bada, inposizioaren ikur?

Zertara dator, orduan, bandera espainola euskal erakundeen eraikinetan lau haizetara zabaltzeko nahi hori, espainiar estatupeko II. Errepublika gogora ekarri edo omentzeko nahi hori?

Ai, ene!… oraindik zur eta lur nago!

--------------------

Iñaki Rodriguez

Bergara

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.