Egunak pasatu ditzake idazten inork bulegoan bere falta sumatu gabe, tramite burokratiko gogaikarria bistatik kentzeko erredaktore baten beharra duten arte; hilabeteak iragan ditzake idazten familiakoek zein lagunek bere hutsunea sentitu gabe; urteak igaro ditzake idazten lagun maite baten bisitarik izan gabe, ezta haietariko baten zorigaiztoko heriotzaren jakinarazpena ere.
Baina urte askotako lan ilunaren ondoren, agian berariazko nartzisismo ariketa bati erantzunez, literatur ibilbideari autobiografia baten bidez azkena eman nahi izan dio, eta bukatu bezain laster ilusioz begiratzen dio oraindik bere eskuetan dagoenean, asaldatuta argitaletxeen atea jotzean, eta pozez beterik, behin argitaratuta, liburu-dendaren apalategian ikustean. Baina tentazioari uko egiteko modurik onena bertan erortzea denez, ezin dio eutsi bere liburua gainetik irakurtzearen tentazioari.
Beraz, irakurtzen doan heinean, gorputz guztia zeharkatzen dion hotzikara nabaritzen du. Liburu-saltzailearen ahotsak soilik askatzen du bere zentzumenen sorgortzetik.
—Barkatu, jauna, ixtera goaz. Jauna? Ondo al zaude?
Orduan ohartzen da egin duen hanka-sartzeaz. Ez dago bere autobiografian bakardadeari aipamen bat bera ere, ezta antzeko edo eratorria den hitzik. Gizakiari errazago zaio ezagutzen ez duen horretaz mintzatzea; zuzenean bizi izan duena, barneko errealitatea, funtsean dena, bere hizketalditik hain erraz hutsaltzen da inork ez lukeela esango berezkoa zaionik.
Liburu-saltzailearen hitz arduratsuak urteetan eskaini dizkioten bakarrak dira, idazleak bihotz-bihotzez eskertzen dituenak. Ardura faltsua dela badakien arren. Bere autobiografia bezala.