H

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Goitia 2021ko abe. 10a, 00:00

Ipuinei entzun egin behar omen zaie; sekretu hau ondotxo dakite idazleek. Bai idazle handiek, bederen. Hauen xuxurla entzun, hauen ahots sarkorra bereganatu, hauen harmonia bilatu... Beste sekreturik ez dago ipuin borobilak idazteko.

Ipuina, ordea, perpaus ugariz taxutzen da, eta perpausei entzun egin behar omen zaie; sekretu hau ere ondotxo dakite idazleek. Bai idazle handiek, bederen. Hauen xuxurla entzun, hauen ahots sarkorra bereganatu, hauen harmonia bilatu... Beste sekreturik ez dago perpaus borobilak idazteko.

Perpausa, baina, zenbait hitzez eratzen da, eta hitzei ere –nola ez– entzun egin behar omen zaie; sekretu hau, besteak bezalaxe, ondotxo dakite idazleek. Bai idazle handiek, bederen. Gustave Flaubert eta bere le mot juste, esaterako. Xuxurla entzun, ahots sarkorra bereganatu, harmonia bilatu... Beste sekreturik ez dago hitz borobilak idazteko.

Hitza, azkenik, hizki gutxi batzuez osatzen da, eta hizkiei –igarriko zenuten honezkero– entzun egin behar omen zaie; sekretu hau, denen gainetik, ondotxo dakite idazleek. Bai idazle handiek, bederen. Xuxurla, ahots sarkorra, harmonia... Beste sekreturik ez dago hizki borobilak idazteko.

Bikain joan zaio gaurdaino gure idazleari. Ipuin, perpaus, hitz eta hizkiei belarria gerturatzea beste lanik ez du izan bere artista sormena alosien putz jainkotiarraz dantzan jartzeko. Oraindik orain, alabaina, hizki jakin baten xuxurla entzun, ahots sarkorra bereganatu eta harmonia aurkitu ezinda geratu da. Gortu izanaren susmoa du ordutik, Itakarainoko odisean sirenen doinua ez entzute aldera argizariz belarriak estali dituen Ulises moderno bat balitz bezala.

Egungo egun, hizki horri belarria itsatsita dihardu, eta ez da gauza deus idazteko, deus entzuteko, fitsik ere ez hizki mutuaren mututasunaz haratago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak