Artea bai, artea ez

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Goitia 2021ko mar. 18a, 00:00

Badu sortze-prozesuak xarma berezi bat, pultsio edo instintu basati bat, menpean hartu beharreko zaldi ero baten antzekoa. Tradizionalki arteak edertasuna goretsi izan du, simetriari, harmoniari eta orekari garrantzia emanez. Gerora, ordea, ideia honi kontrajarrita, itsustasunaren kontzeptuak artearen adierazpen berriak zabaltzea ahalbidetu zuen. Muturreko bi errealitate izaki, saihetsezinezko erakarpen bat eragiten dute gizakiarengan; edertasunaren perfekzio hanpatuaren eta itsustasunaren inperfekzio hiperbolikoaren arteko dantza horretan dago estetikaren jokoa.

Hala ere, artearen esparruan itsustasuna esperientzia estetiko bat dela baieztatu dezakegu, edo esperientzia antiestetiko bati erantzuten dio? Are gehiago, esperientzia antiestetiko bat artearen eremuan sailkatu daiteke, edo, aitzitik, iragazki bat egon behar da artistikoa ez den edozein esperientzia antiestetiko baztertzeko? Ez dugu arazorik artelan baten aurrean gaudela aitortzeko beronek edertasunaren, simetriaren edota orekaren galbahea pasa badu, baina nork eta zein irizpideri jarraikiz baieztatu dezake gauza bera itsustasun, asimetriaren edota itxuragabetasunaren aurrean dagoenean?

Azken beltzean, baliteke artelan bat aintzakotzat hartzeko funtsezkoena hartzailearengan emozio bat – positiboa zein negatiboa– sorraraztea izatea. Honen harira, inoiz ezagutzera eman ez den sorkuntza batek, eta honenbestez, hartzaile potentzialarengan zirrararik eragin ez duenak, merezi al du arte izenik? Eta hona hemen azken bi galderak, aurreko guztiak bezala erantzunik ez dutenak: ezagutzera eman arren, hartzailearengan inolako arrastorik utzi ez duen artelanak ba al du izen horretaz jabetzerik? Akaso, ezinezkoa al zaigu artea sortu dugun edo ez jakitea igorle-hartzaile-igorle segidaren galbahea gainditu gabe?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak