Askatasuna vs segurtasuna

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Goitia 2020ko mai. 5a, 10:14

Gizakia omen da harri berean bi aldiz estropezu egiten duen animalia bakarra. Edo George Santayana filosofoaren arabera: "Iragana gogoratu ezin dutenak errepikatzera kondenatuak daude". Albert Camus filosofoak La peste eleberrian idatzita utzi zuen beste esaldi hau, nahiago baduzue: "Historian zehar izurrite eta gerrak zenbatezinak izan dira, eta hala ere, beti aho zabalik uzten dute gizakia".

Ez du hutsik egiten; behin eta berriro itzultzen gara esaldi honen magalera –funtsean hiru esaldiek gauza bera baitiote–, esate hutsak nolabait akatsetik aterako bagintu bezala. Baita bete-betean harrapatu gaituen COVID-19 delako pandemia honetan ere.

Batek baino gehiagok salatu du jakinaren gainean geundela, adituek urteak zeramatzatela pandemia bat etortzekoa zela ohartarazten. Eta ez geundela prest horrelako hondamendi bati aurre egiteko.

Bi kasuetan asmatu dute; hemen dugu, eta argi geratu da pandemia hau kudeatzeko modua ez dela egokiena izan.

Byung-Chul Han filosofo hegokorearraren esanetan, Asiako herrialdeek, Txinak, Japoniak, Koreak, Hong Kongek, Taiwanek edo Singapurrek, esaterako, krisia hobeto kudeatzen jakin dute. Herrialde hauek zaintza digitala eta big data erabiltzen dute biztanleria kontrolpean izateko. Txinan, batez ere, disidente gutxi batzuen kritika izan ezik, bizitza pribatuaren urraketa honen kontrako ahotsik ez da nabarmentzen. Txinan gobernu diktatoriala dagoela esango didazue, baina egoera ez da askorik aldatzen Japonia edo Hego Korea bezalako estatu liberaletan. Konfuzianismoaren tradizio kulturaletik eratorriak izaki, pentsamolde autoritarioa dute, oso esanekoak eta zorrotzak dira, eta Estatuarengan fede itsua dute. Gauzak horrela, normaltzat dute Estatu polizial digital hori, eta ez dute arazorik beraien pribatutasuna segurtasunaren mesedetan jartzeko.

Hau guztia pentsaezina da Europan. Hemen, Asian ez bezala, gizataldea gizabanakoaren zerbitzura dago. Europaren erantzuna konfinamendua eta mugen itxiera izan da.

Neurri kamutsak, antza. Izan ere, ez genuke inoiz onartuko gure datu eta pribatutasunaren urraketarik. Edo bai? Neurri batean, dagoeneko antzeko zerbait jasaten ari gara, egungo egun. Mugikorren bitartez gure bizitza pribatuaren nondik norakoak ez du sekreturik. Algoritmo bat besterik ez gara.

Orduan? Asiako herrialdeetako Estatu polizial digital horretara bideraturik al gaude?

George Orwellek 1984 eleberrian horren modu zehatzean aurreikusi zuen distopia antzeko batera, agian? Non dago muga, inon izatekotan?

Egia da pribatutasun horren ordainetan bizitza errazagoa daramagula zentzu askotan, agian askatasun galtze hori jasangarriago egite aldera edo.

Egia da ere delitu bati aurre egiteko orduan oso lagungarri suerta dakigukeela, eta pandemia baten kasuan bizitza asko salbatuko lituzkeela.

Baliteke Jean Paul Sartreren esaldiaren ifrentzuan gizakia aske ez izatera kondenatua dagoela idatzia egotea. Prest al gaude hori onartzeko? Urrezko kaiola baten bizitzeko? Gizakia bera dela pandemiarik kontrolagaitzena aitortzeko?

Mikel Laboak txoria maite zuen, guk askatasuna maite dugun bezala. Eta txoriak hegoak behar ditu txori izateko; askatasunak pribatutasuna aske izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak