Aquilesen samina eta sumina

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Goitia 2017ko urr. 20a, 07:52

Maite al du Aquilesek Briseida? Edo, aitzitik, bere apetari jarraiki egiten al du uko Agamenon erregeak borrokara deitzean?

Auziak hutsala dirudi, baina Troyaren zein greziarren halabeharra Aquilesen erabakiaren gorabeheran dago, baita honen izaeraren inguruan egin daitekeen epaia.

Iliada-k Aquilesi egiten zaion irainarekin ematen du hasiera, greziar batek pairatu dezakeen irainik handienarekin, zehazki: ohoreari egiten zaiona.

Zertan datza baina?

Agamenonek Criseida, bere esklaboa, honen aitari itzuli behar izan dio, baina ordainetan Aquilesen esklaboa den Briseida exijitu du.

Irain honek Aquilesen sumina eta gerrarako ukoa dakar, baita greziarren ezinbesteko porrota ere, Aquilesek Zeus jainkoari eskatu bide baitio, Tetis bere amaren bitartez, greziarrak gudan eror daitezen.

Troyaren garaipena eta greziarren porrota aurreikusia dago, beraz, baina horra non agertzen den hamar urte luzeko gerra aztoratuko duen bigarren mailako pertsonaia, Patroclo, Aquilesen lagun mina.

Hectorrek Patroclo hiltzen du borrokaren harrabotsean, Aquiles dela itsuki sinetsita –honen armadura soinean baitarama–.

Bere lagunaren galerak samina eta sumina dakarkio Peleoren semeari, eta Hector gupidagabe hiltzen du, baita honen gorputza profanatu ere.

Kontua da Aquilesen erabakia epaitzeko orduan informazioa falta zaigula; Homerok ez digu argitzen Aquilesek Briseidarekiko duen sentimendua –nabarmena dena gehiago nabarmentzerik nahi izan ez balu bezala–, eta gauzak horrela, ohoreaz hausnartzea besterik ez dagokigu.

Antzina ohore kontuak hil edo bizi baziren, gaur egun apeta hutsari erantzungo liokete. Honi jarraikiz, Aquiles miserable bat da, bere apetak hamaika hildako eragin baitu. Baina gauzak ez dira hain sinpleak. Inoiz. Are gutxiago maitasunean. Nola Briseidarekikoa, hala Patroclorekikoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak