Neuk baneki...

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Goitia 2016ko aza. 11a, 08:05

Nola jokatu behar du gizakiak? Zertan oinarritu beharko lituzke bere ekintza moralak?

Etika kantiarra genuke eginbeharretan funtsatzen diren teoria etikoen paradigma eta “zer da ekintza moral bat?” galderari erantzuten dio. 

Honen aburuz, ekintza bat morala da baldin eta soilik baldin Inperatibo Kategorikoari men egiten badio. Honela, lege unibertsalaren formulari jarraikiz, gure maxima lege unibertsal bilakatzea nahiko genukeen eran baino ezin dugu jokatu. Azken beltzean, borondatearen etika dugu kantiarra, ez die erreparatzen ez bertuteei ezta ekintzen ondorioei ere. Teoria honi egin ahal zaion kritikarik zorrotzena bi betebehar kontrajartzeak sorrarazten digun dileman datza. 

Bertuteen teorian oin hartzen duenak, bestalde, “nola bizi behar dut?” galderaren inguruan dihardu. Zer da, baina, bertute bat? Eta nola erantzuten du denboran eta espazioan? Nahi eta nahi ez, garaian garaikoa eta lekuan lekukoa behar du izan, nonbait. 

Halere, badirudi muturreko bi bizioen erdiko orekan koka genezakeela bertutea. Erlatibisten eta pluralisten baimenarekin, betiere.

Azkenik, ekintzaren ondorioetan oinarritzen den teoria etikoak utilitarismoan du adibiderik garbiena. Utilitate-printzipioa betetze aldera ekintza jakin batek bazterrean uzten duena baino alternatiba zoriontsuagoa ekarri beharko liguke. 

Baina teoria honek ere badakar berekin kritika: maiz ia ezinezkoa zaigu ekintza baten ondorioen jakitun izatea, eta plazeraren eta minaren arteko bereizketa ere nahiko lausoa da. 

Gauzak horrela, baliteke existentzialismoak aldarrikatzen duen giza esentziaren gabezian eta norbanakoaren askatasunean egotea giltzarria. Arrazionalismo batetik irrazionalismo batera salto eginez, gure hautu moral indibidualek gizaki oro konprometituko duten preskripzioa lortzeko bidean. Besterik ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak