Askatasunarekiko bertigoa deritzona. Hau da existentzialismoaren antzeztokia eta Soren Aabye Kierkegaard bere protagonista nagusia. Ez bakarra, baina. Zu eta ni, neurri berean gara dilema honen protagonista, Jean Paul Sartre, halaber, zeinarentzat gizakia aske izatera kondenatuta dagoen. Ezereza da mundura jalgitzean, bere existentzia esentziaren aurretikoa baita. Gizakiaren esentzia bere existentzian datza, eta hasierako ezereza, egunerokotasuneko hautuen bidez bihurtzen du bere esentzia. Hautu bakoitzarekin bere izatea xedatzen du eta ezinezko zaio hautaketaren ukazioa; ez hautatzea jada hautu bat da.
Aukeratu behar honek, ordea, herstura pairaezina dakarkio gizakiari, hautu bakoitzak garrantzi ontologiko bat azaleratzen baitu, norbanakoaren izatea eraikitzearena eta munduaren pisua jasatearena, bere osotasunean. Babesgabe ikusten du bere burua, zaurgarri hautuen amildegiaren ertzean. Eta puntu honetan gizakiak determinismoak sortzen ditu, bere erantzukizuna saihestuz eta berezko zaion askatasuna ukatuz. Balirudike aitzakia duela ihesbide eta aukeratu beharraren herstura saiheste aldera besteengan jartzen du erantzukizuna, bere burua zurituz.
Hautuen porrotei begietara so egin beharra dago, batzuen batzuk bazterrean, burutu gabe geratuko direla baietsiz. Are gehiago, heriotzak berak –ukatu arren gizakion halabeharrezko dimentsioa denak– mugatu egiten du denboran izatearen aukera.
Mugatuak gara, beraz, sinkronikoki zein diakronikoki. Herstura existentzial hau bizitzera gonbidatu beharra dago, alabaina, ezerezaren aurrean jarri eta are gizakiago egiten gaituenez. Aitzakiarik gabe.