Autodefentsa transfeministaz armatuta gaude!

Erabiltzailearen aurpegia Inesa Ugalde Igartua 2022ko eka. 26a, 00:00

Badatoz Arrasateko San Joan jaiak. Egun gutxi barru, festa izango da nagusi gure herrian: jai giroa, txosnak, danborrada, parranda, kuadrillako bazkariak, kontzertuak, ondo pasatzeko asmoa…

Horiek eta askoz gehiago dira herriko jaietan ondo ibiltzeko osagaiak. Guztiak elkartzen direnean ederto ibili ohi gara han eta hemengo herriko jaietan. Arrasaten ez dira faltako txosnagunea eta herriko Txosna Batzordeak antolatu duen egitarau oparoa ere: herri bazkaria, Merina Grisen kontzertua, karro-poteoa, sokasalto herrikoia, Las Klitorixxx arrasatearren itzulera kontzertua...

Guztiok ondo pasatzera irtengo gara, eta jai giroaz gozatzea izango da denon asmoa. Tamalez, ezer gutxi falta izaten da gure asmoak zapuztu eta parranda pikutara bidaltzeko. Eta ez, ez naiz ari eguraldiaz, zerbeza txepelaz edo tabernetan egoten den bero itogarriaz. Milaka parranda zapuztu diguzuenoz ari naiz. Bai, zuetaz ari naiz: erasotzaileez eta horiek babesten dituztenez.

Ez dakizue zenbat bilera egin ditugun zuen jarrerak onartezinak izan direlako. Ez dakizue begirada konplize batekin elkar ulertu eta aldamenekoak babesa behar duela nola ulertzen dugun. Ez dakizue zenbat protokolo aktibatu ditugun azken urteetan gure herri eta auzoetan. Ez dakizue zer-nolako lan karga izaten den hori guztiaren kudeaketa. Ez dakizue.

Orduak eta orduak pasatzen ditugu gune seguruak antolatzeko lanetan. Milaka buruhauste izaten ditugu guztiontzako seguruak eta goxoak izango diren espazio eta testuinguru idealen atzetik, badakigun arren, gaur-gaurkoz, hori lortzea ezinezkoa dela. Izan ere, sistema heteropatriarkalak ezarritako genero dikotomiak eta balio hierarkiak elikatzen dituzte egunero pairatzen ditugun bortizkeriak, baita jai giroan sufritutako bortizkeria guztiak ere.

Gauzak horrela, beldurra da gure mugimendu guztiak kontrolatzeko mekanismorik efektiboena. Are gehiago, emakume* askok beldurrarekin lotzen dugu jai giroa: beldurra bakarrik sentitzeari –zenbat aldiz joan gara binaka komunera?–, beldurra etxera joateari –zenbat mezu bidaltzen ditugu etxera iristen garen aldiro?–, beldurra gertakari desatsegin baten aurrean erru sentsazioa izateari –zenbat aldiz pentsatu duzu zu zinela erruduna?–... Baina, badakizue zer? Nazkatu garela. Nazka-nazka eginda gaude beldurtuta bizitzeaz.

Horregatik, autodefentsa transfeministaz armatu gara aurten ere. Auto, gu geu gai garelako eta salbatuko gaituen inor behar ez dugulako; defentsa, legitimitate osoa dugulako eraso ororen aurrean erantzuteko; eta transfeminista, errora jotzen dugulako harreman eredu berriak sortuz. Horrela, inposatuak izan zaizkigun rolei ezetz esan eta gure beharrak, nahiak eta eskubideak defendatzeko hautua egin dugu aurtengoan ere. Eskerrak bidelagun feministez inguratuta gaudela eta Arrasateko Txosnagunean protokolo transfeminista izango dugula –antiarrazista, feminista, gorputz disidenteak aintzat hartzen dituena...–. Gainera, txosnak zabalik daudenean, protokoloaren arduradun bat ere bertan izango da, eta, beharra izatekotan, harengana jotzeko aukera izango dugu.

Era berean, gogorarazi nahiko nuke Emakume Txokoak, aurten ere, indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko duela Arbolapetan, Emaginek kudeatuta. 24 orduko telefono zerbitzua ere egongo da; hona hemen telefono zenbakia: 688 80 91 37.

Bestalde, protokolo, bilera eta bestelako baliabideez gain, auzi hau kalera ateratzea ere beharrezkoa dela iritzita, ekainaren 23an manifestazioa egingo dugu, txosnagunetik abiatuta. Herriko kaleetan ozen oihukatuko dugu ez dugula eraso bat bera ere onartuko. Eta, argi eduki, gutako batek erasoren bat pairatuz gero, Arrasateko emakume*, bollera, gorputz disidente... guztiok aurrean izango gaituzuela.

Amaitze aldera, lerro hauek aprobetxatu nahi nituzke erantzukizuna zuena dela esateko. Zuek zarete erasotzaile potentzialak edo/eta erasotzaile potentzialez inguratuta zaudetenak. Zuena ere bada ardura. Denon kontua da espazio seguruak bermatzea. Orain arte, ez duzue ardurarik ez gutxieneko erantzukizunik hartu nahi izan gune seguru eta goxoak bermatzeko bidean. Agian, aurtengoa izan daiteke zuen urtea. Ea denon artean erasorik gabeko San Joan jaiak ospatzeko aukera izaten dugun!

Gora borroka transfeminista!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak