Zaintza sistema publiko eta komunitarioa, orain!

Erabiltzailearen aurpegia Inesa Ugalde Igartua 2022ko mar. 6a, 00:00

Zaintzak oinarrizko lanak dira bizitza sostengatzeko. Zaintza-kateek eusten diete gure familiari, gure komunitate hurbilari, gure jendarteari; etxeko-andretik hasi eta familia medikura, aitonaren zaintzailetik zahar etxeetako garbitzailera. Zaintza horiek, ordea, desorekatuak dira lan-banaketan, eta, gaur egun, duintasunik ezaren muturreraino iritsi dira. Are gehiago: argi geratu da, elkarren segidan jarritako domino fitxen antzera, zaintzailea jausten denean, bere aurreko guztiak erortzen direla lurrera.

Emakumeon* zaintza lan ez-ordainduan oinarritzen da sistema kapitalista. Orain, baina, murrizten ari dira ordaindutako zaintza lanen baldintzak eta eskubideak, eta, aldi berean, familia-zaintza heteronormatiboa sustatzen, supremazismo zuria iraunarazten eta eredu elitista eta pribatua indartzen ari da sistema.

Agerikoa da, beraz, zaintza lanak bazterreko eginbeharrak izateaz gain, familia nuklearraren mugetara murrizten direla eta gero eta merkantilizatuago daudela. Emakumeok* hartzen ditugu gure gain inolako aitortza gabe etxeko zaintza lanak, ardurak eta kudeaketak, gure buruak jardunaldi bikoitzera kondenatuz.

Zaintza eremuan sortzen den enplegu pribatua ere zeharo prekarioa da, lan-baldintza zalantzagarriekin eta ziurgabetasun osoarekin. Lan horren gehiengoa emakume migratu eta arrazializatuek egiten dute, gainera.

Sistema publikoan ere, lan feminizatua da zaintzena, garbiketarena, artatzearena. Sistema publikoa desmantelatzen ari dira, pribatizaziorako bidea irekitzen eta, hala, zaintza merkantilizatzeko aukerak biderkatzen. Horrek, langile publikoen egoera kaskartzeaz gain, indibidualismorako joera, klase arrakala eta komunitatearen galera sortzen du. Horregatik, Debagoieneko osasungintza publikoko langileekin egotea dagokigu; haien mobilizazioetan parte hartu, eta debagoiendar guztiontzat osasungintza publikoa bermatzeko exijitu.

Arazoa sistemikoa da, beraz. Horregatik dakar zaintzen eredua aldatzeak, egungo antolaketa soziala bera eraldatzea. Komunitatea erdigunean jarrita, burujabetzarako ezinbesteko euskarria dira zaintzak, eraldaketa sozialerako palanka, potentzial politiko handia duen eremua. Izan ere, zaintzak ezinbestekoak dira gure bizitza, ongizatea eta osasuna mantendu eta kudeatu ahal izateko.

Hortaz, zaintzaren ardurak kolektiboa behar du izan, ongi jositako sare batek baino ezin diezaiekeelako eutsi kapitalismoaren oldarraldiei. Zaintza lanak demokratizatu egin behar ditugu; hau da, ezinbestekoa eta premiazkoa da zaintza-politiken logikan pentsatzea, euskal zaintza sistema publiko komunitario batean. Gainera, eskubide unibertsal gisa onartzea behar dugu zaintza eskubidea, jasotako zaintzak bakoitzaren familia edota egoera ekonomikoaren araberakoak izan gabe.

Zaintza lanak aitortu eta birbanatu nahi ditugu, zaintza eredu publiko eta komunitarioa garatu. Baina, prozesu horretan, alternatibak proposatzen, agenda komuna eraikitzen eta gatazkak azaleratzen jarraitu behar du Euskal Herriko Mugimendu Feministak.

Gure herrian osasun sistema perfektu eta mugiezina dugula sinestarazi digute, baina lehenengo lurrikaran erori da behera. Mobilizatzeko unea da, kaleak hartzekoa eta erantzuleei interpelazio zuzena egiteko momentua. Mugimendu Feminista antolatua behar dugu zaintzarako eskubide kolektiboa egia bihurtzeko; hori ahalbidetuko duen sistema eraikitzeko. Horretarako, baina, akordio sozial berria lortu behar dugu.

Debagoiena feminista izango da, edo ez da izango! Gora borroka feminista!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak