Txikien ongizatearen ardura

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Barrutia Arregi 2016ko eka. 27a, 10:24

Txikien ongizatea komunitatearen ardura da.

Lehentasunez, gurasook dugu gure seme-alaben ongizate fisikoaren eta emozionalaren ardura, baina, horrela ez denean, komunitatea da ardura hori hartu behar duena. Komunitatea esaten dudanean, esan nahi dut zuzenean inplikatuta gauden profesional guztiok eta, orokorrean, herritarrok txikien babesik ezaren lekuko garenean. Egoera jakinetan gure ardura profesionala ez dugu mugatu behar gure betebeharretara; harago doa gure ardura, eta pertsona bezala jokatu behar dugu. Genero indarkeriaren kasuan, seme-alabarekiko indarkeriaz edota bullying-a delakoaz, gizabanakoek arduraz jokatu behar dugu. Profesionalak, hau da, gizarte langileak, irakasleak, psikologoak, medikuak... ezin gara gorde gure betebehar profesionalaren ostean. Guztiok ausardiaz jokatu behar dugu gure pareta ostean entzuten dena tratu txarren isla denean, Osakidetzara edo eskolara tratu txarrekin ekartzen dituztenean –zauri fisikoak edo emozionalak–. 

Bullying-ean, arazo hori ulertu behar da arazo partekatu moduan; eskolan ere balioak lantzea beharrezkoa dela deritzot. Irakasle batek ezin du askatasuna landu ikasle bati ekimenak moztuta, autokontrola landu mugak jarri barik, edo besterekiko errespetua landu ikasle bihurri bati barregarri zuzenduta. Eskolan ere balioak erakusten dira eginez esanez baino. Eta komunitatearen parte hartzea ere derrigorrezkoa da: testuinguruak bullying-a laguntzen du edo eragozten du. Gure ikasgeletan, pentsamendu kritikoa eta elkartasunezko balioak landuz gero, bullying-aren prebentziorako sustraia sakona izango litzateke.

Gure seme-alabei nortasun sendo eta autonomoa eraikitzen laguntzeko, erakutsi behar diegu aniztasunean hazten, eta bestearekiko errespetuan. Nortasun autonomoa eta sendoa duenak gaitasun handiagoa dauka taldeko presioari aurre egiteko nerabezaroaren zubia arrakastaz zeharkatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak