Oñatiko Unibertsitatetik, Mondragon Unibertsitatera

Erabiltzailearen aurpegia Iñazio Irizar Etxeberria 2026ko otsailaren 18a

Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatea.

Unibertsitateak eta Ikastetxe Nagusiak Erdi Aroan sortu ziren, batez ere goi-mailako irakaskuntza ematen zuten katedraletako eskoletatik. Lehenengoak Bolonian, Oxforden, Parisen, Salamancan, etab. sortu ziren. Ondoren, XV. eta XVI. mendeetako Errenazimenduan Europa osora zabaldu ziren, batez ere laiko eta elizgizon aberatsek sustatuta.

 

untua aldizkariaren 487. zenbakiko Beste artxiboa atal berrian argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Adibidez, Mendoza kardinalak 1486an Santa Cruz ikastetxea sortu zuen Valladoliden, Cisneros kardinalak Alcalako Unibertsitatea 1498 eta 1508 artean, eta Alonso de Fonseca artzapezpikuak 1519an Fonsecako Ikastetxe Nagusia sortu zuen Santiago de Compostelan. Bere garaiko ildo orokor horri jarraituz, Rodrigo Mercado Zuatzola oñatiar apezpikuak, Salamancako Unibertsitatean ikasi ondoren, 1542an bere jaioterriko Oñatin Sancti Spiritus Unibertsitatea eraikitzeari ekin zion.

Oñatiko Unibertsitatea, ofizialki Sancti Spiritus Unibertsitatea, gaur egun ikaslerik ez duen arren, 1545etik 1901era arte Euskal Herri osoan martxan egon zen unibertsitate libre bakarra izan zen. Rodrigo Mercado Zuatzola oñatiar apezpikuaren ekimenari esker, eta Paulo III. Aita Santuaren buldaren onarpenarekin. 1542an hasi ziren hamar urte iraungo zuten eraikinaren lanak, baina 1545ean jarri zen abian jarduera akademikoa, aldamenean zegoen Hernani jauregian, bi arlotan, letrak eta zientziak.

Zuatzola Euskal Herriko lehen mezenas errenazentista izan zen, eta ondorioz Rodrigo Gil de Hontañon arkitektoari agindutako eraikina estilo errenazentistan eta platereskoan burutu zuen. Eskulturak eta artelan gehienak Pierre Picart eskultorearenak dira, eta egitura Domingo Gerra hargin-maisuarena. Nabarmentzekoak dira Unibertsitateko ataria eta kaperako erretaula. 

XVI. mendean estatuan bi motatako unibertsitateak zeuden, handiak eta ertainak, eta gehienek Koroaren finantziazioa jasotzen zuten baina ez Oñatikoak. Ertaina zen eta fundazio baten bitartez pribatua, zerbitzu publikoa ematen zuena. Zuatzolak testamentuan utzitako ondasunekin, ikasleek ordaindutako matrikulekin eta Oñatiko Udalaren ekarpenekin finantzatzen zen hasieran. Gerora, zailtasun ekonomikoak zituela eta, Euskal Aldundiek ere finantziaketan parte hartu zuten. 

Unibertsitatearen hirurehun eta berrogeita hamar urte inguruko ibilbidean, bereziki Filosofiaren, Kanonen eta Legeen irakaskuntza izan zen nagusi, Zuzenbide Zibilean espezializatuz. Batezbeste 200/300 ikasle hartu zituen urtero, 1832-1833 ikasturtean bere historiako matrikula-mailarik altuena lortuz: 639 ikasle. Horien artean administrazioan edo politikagintzan, estatu mailako parlamentuan zein Euskal Aldundietan nabarmendu ziren ikasle ugarik ikasi zuen bertan, hala nola Esteban Garibai koroaren kronista eta historialari arrasatearra, edo Pedro Egaña parlamentari gasteiztarra. 

XVIII. eta XIX. mendeetan Unibertsitateak hainbat gorabehera izan zituen, gerrak eta aldaketa politikoak eraginda, eta Euskal Herriak Gerra Karlistak galdu ondoren bi itxiera jasan zituen. Berriz zabaltzea lortu zuten Aldundiek eta Oñatiko Udalak, harik eta 1901ean Madrilek Unibertsitate maila kendu arte. 

Azken ikasturteko ikasleen jatorria honakoa izan zen: 

  •  Euskal Herrikoak 114, jatorriz honela banatuta: Araba 13, Bizkaia 54, Gipuzkoa 33, Nafarroa 13, eta Lapurdi 1. 
  • Euskal Herritik kanpokoak 77 izan ziren, honela banatuta: Logroño-10, Burgos-10, Santander-9, Zaragoza-9, Madril-5, Bartzelona-4, Ingalaterra-3, Oviedo-3, Lleida-3, Huesca-3, Tarragona-2, Murtzia-2, Teruel-2, Malaga-2, Argentina-1, Paris-1, Mexiko-1, Cuba-1, Sevilla-1, Almeria-1, Palencia-1, Soria-1, Cadiz-1, Guadalajara-1.

1901etik aurrera, ikasketa apalagoko jarduerak egon ziren eraikinean, baina erreferente izan zen Eusko Ikaskuntzako eta Euskaltzaindiako kongresua bertan egiteko 1918an, edo Mondragon Unibertsitateko MEDUO proiektua gauzatzeko. Gaur egun, Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundearen egoitza da.

Mondragon Unibertsitatea: MEDUO proiektua

Arrasateko kooperatiben sustatzailea izan zen Jose Maria Arizmendiarrietak beti eman zion garrantzi handiena heziketari. Horrela, 1943an, baldintza eskasetan Eskola Profesional bat sortu zuen. 1947rako, lehen kooperatiba sortu baino bederatzi urte lehenago, hau idatzi zuen: Haurra gizon egiteko jaio da, eta adina baino, heziketa eta prestakuntza dira gakoak. 1961eko urtarriletik martxora bitartean, Arizmendiarrietak MEDUO proiektu berria ondu eta Madrilgo Hezkuntza Ministerioan aurkeztu zuen (Oñatiko Unibertsitateko Hezkuntza Mankomunitatea, Mancomunidad Escolar de la Universidad de Oñati). Debagoieneko haraneko hainbat herriren ekintza bat zen, 50.000 biztanle batzen zituena, Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitate zaharraren tradizio historikoari jarraituz, unibertsitate zentro kooperatibo autokudeatuen sare bat sortzeko. Arizmendiarrietak bilera eta solasaldi ugari izan zituen tokiko eta probintziako agintariekin, eta babesa eman zioten. Baina proiektuak ez zuen fruiturik eman, Espainiako diktaduran zeuden aukera mugatuengatik.  

Arizmendiarrietaren estatua Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan.

1968an Euskal Herrian berpiztu egin ziren bertako unibertsitatea lortzeko aspaldiko asmoak, eta Arizmendiarrietak langileriaren eta justizia sozialaren interesen ikuspegitik hitz egin zuen gaiaz. Horretarako, hezkuntzaaukera berdintasunaren printzipioaren aplikazio praktikoari erreparatzen zion. 

1989an Espainiako Gorteek unibertsitate pribatuak sortzeko legea eman zuten, eta eskumen hura Eusko Legebiltzarrari transferitutakoan, Arizmendiarrietaren hasierako MEDUO ekimenean oinarrituta Mondragon Unibertsitatea sortzeko proiektua garatzen hasi zen talde sustatzaile bat, 1993an, irabazi-asmorik gabeko eta onura publikoko unibertsitate kooperatibo pribatu gisa, Debagoieneko irakaskuntza-egitura deszentralizatua osatzen zuten hiru zentroen estatus berarekin: Arrasateko Eskola Politeknikoa, Oñatiko Enpresa Zientzien Fakultatea eta Eskoriatzako Giza Zientzien Fakultatea.  

Gasteizko Legebiltzarrean onartu behar zen ekimena, eta bertako zazpi talde politikoen berme bila hasi zen talde sustatzailea. Lehen bilera alderdi nagusiarekin izan zen, EAJren Bilboko Sabin Etxea egoitzan, 1995eko maiatzean, eta bertan, alderdiko presidente eta, era berean, Deustuko Unibertsitateko irakaslea zen Xabier Arzallusek abegitsu hartu zituen talde sustatzaileko bi ordezkariak; honako hau esan zuen: "Jesarri aurretik, jakin ezazue Legebiltzarreko bozketan gure alderdiko boto guztiak unibertsitate berriaren alde izango dituzuela". Ondoren gaineratu zien Arizmendiarrietarekin oso harreman ona izan zuela, eta agindu ziola haren ekimen guztiak babestuko zituela Eusko Jaurlaritzara ailegatutakoan, Ikerlan Teknologia Zentroarekin 1979an egin zen moduan. Talde politiko guztiei ekimena aurkeztu ondoren, ofizialki aurkeztu zen Legebiltzarrean, eta 1997ko apirilean Mondragon Unibertsitate berria gauzatu zen, Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek aho batez onartuta.

Sakontzeko, Wikipedia: Oñatiko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak