Musikari bikaina; konpositore, zuzendari eta organo jolea. Gure musikaren historian Goikoetxea, Guridi, Escudero, Sorozabal, Otaño… bezalako izen ezagunen katearen jarraitzailea. Bergaran 1920an jaioa, musikarien familiako anaia gazteena zen, musikaz inguratuta jaio eta bizitakoa. Musika sentitu, idatzi eta interpretatzeko modu oso bereko baten jabea genuen Miguel. Harmoniaren erabateko domeinua nabaria da bere obra guztian (bere konposizioetan argi erakusten du), instrumentazioaren ezagutza fina du banda eta orkestrako lanetan eta guztietan ere entzulearekin ederki konektatzen du. Estetika mailan XX. mendeko musikaren korronte ezberdinak ezagutu bai, baina, betiere, bere hautu aske eta independentea mantendu du korronte haustaileen aurrean; tonalitatea beti erreferentzia gisa.
Bere katalogoan lan asko dira, eta era askotakoak. Bandarako idatzitako obretan ezin genezake ahaztu Mendia eta itsasoa, El metrónomo de Mälzel, San Martin eta San Martzial estanpak… Korurako musikan bere Stabat Mater oratorio sinfoniko korala, Hildakoen meza, Errekatxo kantari, hainbat motete eta abesti… Bere musikak bizirik dirau Bergaran, bere kale eta elizetan, horrako pentsatuak eta sortuak, baina haratago ere eramateko maila eta inspirazioarekin. Bukatzeko, berarekin pasatako denboraren pozarekin eta zerbait ikasi izanaren esperantzarekin, inoiz ahaztuko ez ditudan momentuak: meza nagusi ostean organoan inprobisatzen, teklatuan gora eta behera, melodia bat, beste bat, tonu aldaketa, kontrapuntua…eta maisua irribarrez pozik, eta han geundenak pozago, harrituta gure egunerokotasunean haren tamainako talentua bertan izanagatik. Eskerrik asko, Miguel; eskerrik asko, maisu!