Hemen, Euskal Herrian, nahikoa geneukan frankismoren diktadurarekin, eta propaganda frankista argi eta garbi ikusten zen. Aldiz, trantsizioan hasi zen hedabideen manipulazio sotila. Berriz bataila kulturala. Hala ere, hedabide ofizialek izan zuten kontrapuntua: EMK-LKI, Zutik eta HBko afixek ere itxuratu zuten kontrakulturaren lubakia. Egun, haietako kartel asko debekatuta egongo lirateke; adierazpen askatasunaren galeraren isla. Mozal legea-k eta militantziaren ikusmolde desberdinek deuseztatu zituzten maoistek ekarritako dazibao-ak; hau da, boterea kritikatzeko Txinan erabiltzen ziren horma-irudiko egunkariak.
Gaur egun ere gu doktrinatzen jarraitzen dute; ez bakarrik Elizak Erdi Aroko aldarrikapenekin, baita boteretsuen menpe diren hedabideek eta beraien zerbitzura daudenek ere. Bataila kulturala gero eta sotilagoa da. Netflix, HBO, Amazon eta antzerakoen telesailetan kontatzen dizkigute istorio batzuk Marshall plan berri batean. Modu horretan, doktrinatu egiten gaituzte, bide beretik ibiltzeko ardiak letxe: gorrotatzen pobreak eta bestea, maitatzen eta miresten lapurtzen eta esplotatzen gaituztenak. Espainiako hedabideak, orokorrean, eskuindarren edo ultraeskuindarren menpe daude; batez ere, telebistakoak. Hemen, Euskal Herrian, daukagun telebista entretenitzeko pentsatuta dago eta Estatuko telebistetatik reality-ak kopiatzen dituzte. Eztabaidatzeko saioak ia desagertu egin dira. Gure telebista, pentsamendua lantzeko izan beharrean, pentsumentala dela esan daiteke.
Madrilgo hauteskundeetan, Manuela Carmenatik Ayusora, bataila kulturala. Ayusok ezkertiar ikurra den askatasunaren kontzeptua lapurtu du, eta libertinajeko portaeretara bultzatu du biztanleria. Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzak propagandarako auzolana hitza erabiltzen du. Aldi berean, osasun publikoa desegituratzen du eta ezkutuan osasun pribatua sustatzen du. Azken bolada honetan, telebistan osasun zerbitzu pribatuak eskaintzen dira sekula baino gehiago. Publikoa ahul, pribatua indartsu, hori bai auzolana! Hemen ere, eskuin alderdi bat komunaletatik datorren hitza lapurtzen.
COVID-19a dela-eta keinu autoritarioak ere agertu dira: COVID ziurtagiria, hain zuzen. Noam Chomskyk zioen moduan, oharkabearen maniobrak oso eraginkorrak dira: ziurtagiriagatik biztanleria liskarrean; horrela, Gobernuak bere ardurak estaltzen ditu. Osasun publikoan lehen mailako arreta erreta, baina errua osasun publikoaren eskasiari bota beharrean, txertoa hartu bako gazteak errudun. Ziurtagiriak lortzen duena da jendarte haustura eta kaleko giroa gaiztotu, herritarrek beste herritar batzuen gainean kontrola ezarri. Aldiz, gure bataila kulturalak izan behar du autoritarismoaren aurka; komunitatea sendotzearen alde, saretzearen alde eta ezberdinen arteko elkar ulertzearen aldekoa. Pertsonak erdian, ez interes ekonomikoak. Osasun publikoa, ez pribatua. Eztabaida libreak, ez diktadura mediatikoa.
Auzolana eta auzo-lotsa, termino biak enpatian oinarrituta. Auzolana hitza euskal komunalismotik dator, publikoa denarekin lotura dauka; elkartasuna, zaintza kolektiboa eta elkar laguntza sinonimoak dira. Aldiz, auzolotsa-k deserosoarekin lotura dauka; irrigarria, patetikoa eta hipokrita ere sinonimoak dira. Beraz, osasun publikoa gutxitu eta osasun pribatua handitu, auzolana edo auzo-lotsa? Eta eskola publikoa murriztu eta pribatuak lagundu, auzolana edo auzo-lotsa? Eta pertsona erdian jarri beharrean porlana eta interes ekonomikoak jarriz gero, auzolana edo auzo-lotsa?
Gure jendartean pentsamendu hegemoniko ezkertiarra, feminista eta ekologista lortu ahal izateko, bataila kulturala borrokatu behar dugu. Berdindu ditzagun, ausardiaz, Bigarren Errepublikako irakasleak edo ikastola ilegalen andereñoak, artaldeko ardi beltzen kopurua handitu dadin. Doktrinak alienazioa sortzen du; pedagogiak, aldiz, askatu egiten gaitu. Doktrinak indargabetzeko erantzukizuna daukagu, eta, horretarako, beharrezkoa dugu pedagogia soziala. Hezi behar dugu pentsalari aske, pentsamendu kritikoarekin, manipulazioaren aurka txertatuak. Balioetan hezi, elkartasuna, komunalismoa, aniztasunean berdinketa, auzolana eta naturarekiko mutualismoko harremana, horiek denak dira giltza. Gure bataila kulturala da auzolan azpian dagoen auzo-lotsa azalaraztea.