Osasunaren gaira bueltatuz, azkenengo ikerketen arabera, psikopatologia sozialaren maila handitu egin dela ikusi da. Antsietate-depresibo sintomatologia dutenen kopurua gorantz doa, baita desorekatze portzentajea psikopatologia larrietan ere. Hori dela eta, berretsi egin nahi dut harreman sozialen garrantzia. COVID-19 garaietan araudi berriek oztopatu egiten dute sozializazio prozesua. Murrizketak mugikortasunean, kontaktuan, edo edaten ibiltzean, harreman sozialetarako oinarri direnak. Mugatu egin dituzte jendearen harremanak. Handituz doan bakardadeak eta isolamendu sozialak gogor eragin du jendartearen osasun mentalean. Horrez gain, gehitu dezakegu galerak eta dagozkien doluak orokortu egin direla: batzuetan, pertsona maitatuak edo lanpostuaren galera; beste batzuetan, harremanak izateko ohiturak edota gure egunak egituratzen dituzten ekintzen geldiaraztea.
Horren harira, errealitate hau dugu: osasun mentalaren arreta pandemiaren aurretik prekarioa zela; konfinamenduaren hasieran, arreta presentziala eten egin zen, kasu larrietara mugatuz, eta, orokorrean, arreta telefonikoa emanez. Arretaren ratioak gizagaindikoak dira, eta profesionalak eskariz gainezka daude. Debagoienaren kasuan, bi psikologo daude herri guztientzat: bat, umeei eta gazteei arreta emateko; eta bestea, helduei. Arreta emateko bost astean behin txanda emanda, profesionalek beraiek behar dute arreta frustrazioa gainditzeko.
Osakidetzan osasun mentalaren estrategia biologikoa den modeloa dimentsio bakarrean oinarritzen da, eta arazo psikosozialak multidimentsionalak dira, bai kausetan, eta ondorioetan ere bai. Banakako fokatzeak ukatu egiten du osasuna produktu soziala dela. Fokatze hori ez da eraginkorra, eta ez ditu konprometitzen ez instituzioak ezta jendartea ere. Hainbat arrazoik eusten diote fokatze horri: alde batetik, farmazia industriaren interesak, salmenten zenbatekoak milaka miloi direlako eguneroko errezetekin; eta beste aldetik, arreta azkarragoa da konpentsazio kimikan oinarrituta dagoelako. Horrek jartzen ditu lanaren ratio batzuk non arreta masifikatu egiten den, eta, askotan, medikazioa gainbegiratzeko besterik ez da. Horren ondorioz, mendeko harremana sortzen da drogen oinarrian, eta finkatu egiten dira arreta dinamika batzuk errutinazkoak, mekanikoak eta despertsonalizatuak direnak. Hau dena osasun publikoaren profesionalek jasan behar dute, herritarren eskaeraren presioa dela eta.
Nire ustez, osasun mentalaren estrategiak fokatze komunitarioa izan beharko luke, eta interbentzioa multidimentsionalean oinarrituta. Nahasmendu emozionalek, batzuetan, medikazioa behar dute bizitza orekatzeko, baina denboran mugatuta, gainbegiratze zorrotza eginda eta uztartuta psikoterapiarekin. Psikoterapia esku-hartzea barnean egon behar da, eta ez elementu introspektiboak bakarrik; pertsonen errealitate sozialaren analisia ere bai. Esku-hartzeak izan beharko luke bio-psikosoziala; hau da, medikazioa, introspekzio psikoterapeutikoa eta interbentzio komunitarioa, erantzuteko pertsonen behar sozialei. Halako interbentzioak tartean sartzen ditu instituzioak eta jendarte osoa.
Ume eta gazte segmentu sozialari dagokionez, osasun mentalaren profesional askoren artean adostuta dago pandemia garaian beraien beharrak ez direla hartu kontuan. Horren ondorioz, handitu egingo da psikiatriazko sintomatologia. Are gehiago, eskaintzen zaien etorkizuna ikusirik; lanpostu bat lortzeko arazoak eta lan baldintzen prekarietatea, alegia. Aurreikus dezakegu gazteen artean krisi existentziala, hasiko direlako kolokan jartzen beraien bizi zentzua.
Azkenik, esan, Abiadura Handiko Desarrollismoa-n murgilduta gaudela eta gure garunei zaila egiten zaiela prozesatzea eta uztartzea gertatzen ari dena eta datorrena; hori ere osasun mentalaren kalterako izango da. Izan ere, jende askoren adimenak ez du izango gaitasunik egoera berriei egokitzeko. Horren ondorioz, gure etorkizuna elite batzuen eskuetan utziko dugu. Abiadura Handiko Desarrollismoa-ren ikur kontzeptuala Abiadura Handiko Trena da. Ematen du AHTa etorkizunezko destino gabeko trena dela, nahiz eta oraingo destinoa aberats batzuen poltsiko betetzea izan. AHTaren kilometro bat 27 milioi kostatzen da, eta diru horiekin sortu genitzake lanpostu asko, zaintzarako eta osasun komunitariorako.
Bitartean, gu, herritarrok, Esperando a Godot absurdoaren antzerki ezagunaren moduan, geltoki surrealista batean trenaren etorrerari itxoiten. Antzerki honek sinbolizatzen du asperkizuna eta bizitza modernoaren zentzugabekoa, existenzialismoren gaia jorratuz. Antzerkiaren ikusleek eta protagonistek ez dakite Godot nor den, baina jarraitzen dute hari itxoiten. Esperoak berak adierazten du masen itxaropena pertsonaia ezezagunen etorreran. Ni ikonoen laguna ez naiz, baina mito bat aukeratzekotan Godot ezezaguna baino, nahiago dut ezaguna den Gartxot, epika askatzaileren ikurra.
Beraz, trenari begira egon beharrean gogora dezagun gu garela gure osasun eta etorkizun jabeak.