Azken bolada honetan, pandemia dela-eta agintariek hiru segmentu horiek deskuidatu egin dituzte. Hori azaltzeko, hainbat arrazoi aipa ditzakegu: produktiboak ez direla edo beraien aberastasuna termino ekonomikoetan ezin dela neurtu, termino emozionaletan baizik. Hiru segmentu horietatik zigortuena jende nagusiarena izan da. Horregatik, zaharren etxeei buruz hausnarketa egitea beharrezkoa da, eta, horretarako, zaharren zaintza pribatuaren iragarki batez baliatuko naiz.
Aipatutako iragarkiak zaintza guztiz fina eskaintzen du pertsona nagusientzat. Nagusien zerbitzu horrek, izen mnemotekniko batekin, ahots goxo eta iragarki profesional baten bitartez ziurtatzen digu gure ahaide kutuna ondo zainduta egongo dela. Izan ere, eskaintzen dituzte hornikuntza berrienak eta langile espezializatuenak. Marketin aurreratuena merkatu espekulatzailearentzat. Iragarki hori entzuteak bi motatako gogoeta iradokitzen dit: bata, kontzeptuala; eta bestea, praktikoa.
Gogoeta kontzeptualean sartuz, kontuan izan behar dugu, psikologia ebolutiboaren ikuspuntutik, zaurgarritasuna biziagotu egiten dela haurtzaroan eta zahartzaroan. Gure bizitzaren garai horietan autonomia txikiagoa eta mendekotasun handiagoa dugulako. Hori dela eta, botere publikoei dagokie zaurgarritasun hori indargabetzea. Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek bermatu egin behar dute haurren eta zaharren ongizatea, horretarako ordaintzen ditugueta zergak. Berez, gure ziklo ebolutiboan berdin tratatuak izateko dugun eskubidea, sekula baino gehiago, bizitza hasieran eta bukaeran da; haurtzaroan autonomia lortu bidean eta zahartzaroan autonomia galtzear, alegia. Beraz, pertsona nagusien zaintza merkataritza eta negozio ekonomiko bilakatzea gure balio eskalaren galeraren erakusle izango litzateke. Diru etekinak ateratzeko zaurgarritasunak negozio bihurtzea zaintzaren perbertsio handienetakoa da. Adibide moduan, zaharren etxe pribatuak iragarkian erabilitako diruak erabili zitezkeen langile kopurua handitzeko edota lan baldintzak hobetzeko, baina hori ez da helburua, etekin garbia ateratzea baizik.
Hausnarketa praktikoa egiten badugu, gaia kokatzen da zaintza publikoa edo pribatua den. Egun, gero eta zahar etxe gehiago pribatizatzen ari dira: inbestimendu funts izeneko putre funtsek erosten dituzte zaharren etxeak negozio ekonomikoa egiteko. Alferrik da egia ukatzea, putre funtsek ez dituzte zaharren etxeak erosten gure ahaideak hobeto zaintzeko, zaurgarritasunaren kontura sosak ateratzeko baizik. Botere publikoek zaharren etxeak pribatizatzeko apustua egin dute eta putre funtsek erosi dituzte; kasu askotan, sozietate mordoilo bezala, ingeniaritza fiskala erabiliz zerga-paradisu batean ezkutatzen dira.
Laburtuz, zaharren etxeak pribatizatzea arduragabekeria da; hau da, nagusien zaintza diru merkatuaren eskuetan uztea da. Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek ardura dute hori gerta ez dadin.
Zaintzaren gaiaren harira bueltatuz, kontuan hartzekoa da antzinako familia zabalak saiatzen zirela zaintza sarea osatzen; jakina, genero esklabotasunaren kontura. Emakumezkoa zen arduratzen zena pertsona zaurgarrienez. Egun, familiak bilakaera izan du, askotariko familiak daude: nuklearra, guraso batena edota guraso eta izaera desberdinekin. Zaintzaren lanak generoa gainditzen du eta familiako guztiek parte hartu behar dute; familiaren esparrutik aparte, komunitateak ere zaintzaz arduratu behar du. Horretarako, jendarteari kontzientzia harrarazi behar diogu, pedagogia eginez.
Bukatzeko, gogora ekarri nahiko nuke Margaret Meaden pasadizo bat. Antropologo hari galdetu ziotenean zeintzuk ziren zibilizazioaren lehenengo seinaleak, erantzun zuen femur apurtua eta orbainduta zela zibilizazioaren lehenengo seinalea, kultura primitiboetan. Horrek ondorioz ekartzen zuelako berna apurtuta zeukanarekin baten bat gelditu zela bizirauten laguntzeko, eta zaindu zuela hezurra apurtua osatu arte.
Zaharren etxeen pribatizazioa putre funtsen esku uztea zibilizazio kontzeptu horren guztiz kontrakoa da. Izan ere, jendartearen balioak zaurgarrien zaintzan islatzen dira.