Bikain

2020ak zerbait pozgarria ere ekarri digu bergararroi. Euskararen erabilera eta kudeaketa saritzen duen Urrezko Bikain ziurtagiria jaso berri du Bergarako Udalak.

Urte askotako ahalegin handia dago Jaurlaritzak egiten duen aitortza horren atzean. Lau eragile edo zutabe azpimarratuko nituzke: batetik, udal langileak, izandakoak eta direnak, eraldaketa honen ahaleginarekin hasi zirenak eta lekukoa hartu dietenak. Bestetik, Udalaren ardura izan duten udal talde eta alderdi guztiak, herri-asmo eta nahi honi bultzada eman diotenak. Nola ez, herritar guztiok, helburu hau geurea egin dugulako eta geure aldetik ere jarri dugulako. Azkenik, baina ez azken, 1986tik hona, euskara teknikari gisa aritu diren langile profesional eta militanteak. Guztiona da lorpena, eta guztiok harro sentitzeko modukoa. Zorionak bihotzez!

Ziurtagiria jasotzeaz bat, udal ordezkariek adierazi dute agiria bera ez dela helburu, tresna baizik, eta aurrera jarraitu behar dugula hizkuntzaren normalizazioaren bidean. Halaxe da! Baina, aldi berean, une historikoa ere bada Bergararentzat, eta hau jarri nahi nuke balioan; lehen aldia da herritarrok gure toki administrazioarekin euskaraz, ahoz zein idatziz, edozein dela ere tramitea, jarduteko aukera izatera iritsi garela. Honek ikuspegi soziolinguistikotik berebiziko garrantzia du.

1982ko Normalizazio Legearen garapenari bide luzea geratzen zaio; eskolak ahalegin handia darama egina, baina egiteko asko dago. Administrazio batzuetan bide ederra egin da, baina beste batzuetan ez hainbeste, kultura arloan eta komunikabideetan… Nabaria da, hala ere, eta hala azpimarratu da Euskaraldiaren azken ekitaldian, hurrengo ahalegin kolektiboa lan mundua eta jarduera ekonomikoa euskalduntzeari begira jarri behar dugula. Honetan ere, Bergara eta, oro har, bailara osoa aitzindari izaten ari da azken urteetan, baina uste dut, indar handiak metatu beharko ditugula gure unibertsitateetatik eta lanbide eskoletatik, lan mundura euskaraz trebatuta iristen zaizkigun gazteak, lan esparru horretan, hizkuntza eraldaketaren protagonismoa eta babesa izan dezaten. Horra hor bada hurrengo erronka kolektiboa. Jardun dezagun bikain!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak