Hainbat gustukoak ditugu; beste hainbat, berriz, ez horrenbeste. Baina guztiak dira korrika egiteko zapatilak.
Zapatilak beste toki daude berauek erabiltzeko: kalea, mendia, basoa, hondartza, gimnasioa, zelaia... Norberak hautatzen du non duen gurago korrika aritzea; norberak hautatzen du zenbat denboran duen nahiago korrika aritzea; norberak hautatzen du zein intentsitaterekin duen gurago korrika aritzea. Norberaren lana da, beraz, aurreko ezaugarriak kontuan hartuz, egingo dugun ariketa fisikoa norbanakoaren ezaugarri fisiologikoetara doitzea: pertsonok ezberdinak gara, zapatilak bezalaxe.
Zapatilok dira gure oinen eta lurraren arteko kontaktuaren jabe. Pausu bakoitzean frikzio bidez aurrera, atzera, eskuinera eta ezkerrera joatea ahalbidetzen digutenak, akzio-erreakzio legea errespetatuz.
Oinen eta lurraren arteko harreman azkar eta bizi horrek sortzen duen lasterraldia erabiltzen dugu askok ariketa fisikoa egiteko: korrika egiteko. Eta gehienok gara, guztiok ez esatearren, oinak ez mintzeko oinetako egokiak erabiltzen ditugunak. Oin bakoitzaren ezaugarrien arabera aukeratu behar dugu oinetako parea, oin guztiak ez dira berdinak eta. Baina egokitasun hori ez dugu guztiok era berean ulertzen; izan ere, kirolaren sasi-profesionaltasunaren garai hauetan, bada oinetako onena, politena, gustukoena, egokiena eta, zergatik ez esan, garestiena aurkitzen saiatzen denik.
Onena erosteko saiatze-aldi eta diru xahutzeok ez dute zertan zentzu askorik izan. Sinesten ez baduzu, adi! Abebe Bikila zenak 2h15'16" behar izan zituen 42 km eta 195 m-ko luzera zuen Erromako maratoia irabazteko. Eta ba al dakizu zer zapatila parea erabili zuen? Jaio zen une berean jantzita zituenak!