"Igeldo vs Bergara'-ri erantzuna"

Erabiltzailearen aurpegia

Orain gutxi GOIENAn irakurri dudan idatzi batez nire iritzia eman nahiko nuke.

Artikuluan nabaritzen da bere jarrera apolitikoa eta inongo interes partidistatan oinarrituta dagoela.

Igeldon egingo den herri  galdeketa eta Bergara Garbia taldearen herri galdeketa konparatzen ditu. Bilduren jarrera bata eta bestean.

Nire iritzi ez partidistan ere, esan nahiko nukeena da Igeldoko desanexio nahia aspaldiko kontua dela.Hamarkadak dira Igeldoren eta Donostiaren arteko arazo hau dagoela eta irtenbide "zuzenena" eman nahi zaio.

Egia da aspaldi honetan Bergaran atez atekoaren inguruan eztabaida handia suertatu dela. Herri talde batek oposizio handia erakutsi dio zaborra era selektibo eta efizientean martxan jarri den proiektu berritzaile honi.

Nik dakidala, eta emaitzak babesten nauen bezala, 5. edukiontziarekin zaborra selektiboki gehienez %30 batzen da eta atez atekoarekin, berriz, %80tik gora.

Zuk 5. edukiontzia babesten duzu. 

Zergatik eta zertarako?

Orain arte bezala, komodidadearen izenean zaborra poltsan sartu eta Zubietara erretzera eraman dezaten? 

Beste aldera begiratu eta listo?

Bene-benetan 5. edukiontziaren erabiltzaile bihurtuko zara?

Zergatik ez da iristen tasa altuetara 5. edukiontziarekin?

Guztion esku dago erabiltzea, baina guztiok ez dugu erabiltzen.

Onargarria al da herri batzuetan zaborraren %80 batzea eta beste batzuetan %26?

Onartuko al zenuke bien arteko diferentzian sortzen den zaborra Zubietan ordez zure herrian erreko balitz?

Bergarako 4.700 herritar horiek euren herrian errauskailu bat nahiko al lukete?

Aintzane, nahikoa da bazterrak nahasteari itxuraz era ez partidistan. Utzi alde batera zuk ordezkatzen duzun alderdi politikoak dituen megaproiektu txikitzaileak babestea (inora joango ez den AHT, Zubieta, Pasaiako portua, Etorlur, Supersur...) eta guztiontzat hobeak izango diren bideak jorratzen hasi zaitez. Herritarrek euren burua politikariengandik geroz eta urrunago ez sentitzeko.

Animo, atez atekoaren alde lanean ari zareten guztioi.

Merezi duelako, eutsi gogor.

--------------------

Iban Martinez

Oñati

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.