Victoria Eugenian ospatu den zeremonia oso sinbolikoa izan da; izan ere, antzoki horretan jaso baitzuen duela mende erdi Urrezko Maskorra Victor Ericek. 1973an hasitako zikloari amaiera ezin biribilagoa emateko, Donostia saria El espiritu de la colmena filmeko protagonista Ana Torrentek eman dio.
Txalo-zaparrada luze baten ondoren, Ericek hilabete gutxirekin iritsi zen hiriaren izena dibisa gisa daraman saria eskertu du. Zuzendariak gogorarazi du Donostian hazi zela “zentzu guztietan, baita film-ikusle gisa ere”, eta Kursaalean eta Victoria Eugenian ikusi zituen lehen tituluak ekarri ditu gogora: “Orain begiak ixten baditut, neure burua ume nintzela ikusten dut aulki horietako batean, inoiz ahaztuko ez ditudan filmez gozatuz”. Bere belaunaldiko kideentzat, bere guraso eta gertukoentzat eta Donostia Zinemaldirako ere hitzak izan ditu.
“Beti ulertu dut zinema ezagutza-bide gisa. Horregatik, niretzat bere ikaskuntza ez da inoiz amaitzen. Urteak pasa ahala, bada ulertu dudan zerbait -eta orain Albert Camus dut gogoan-. Agian, zinemagile baten lana artearen bidezidorretan luzaroan ibiltzea da, pantaila batean ikusitako irudi harrigarriak berreskuratzeko, lehenbiziko aldiz bihotzean gorde zituen irudiak”, esan du, eta euskaraz bukatu du hitzaldia: “Eskerrik asko, Donostia Zinemaldia. Donostia beti”.