Maitasunaren mina

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2023ko ira. 23a, 21:56

'Fingernails' filmearen une bat.

Christos Nikouk bere bigarren filma aurkeztu du Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean: Fingernails. Komedia erromantiko bat gehiago dirudien arren, film hau askoz konplexuagoa da. 

Fingernails komedia erromantikoaren klixe guztiekin hasten den filma da: bikote lagunen bilerak, dantza konplizeak... eta nola ez, film klasikoak ikustea. Baina Nikou ez da azalean geratzen den horietakoa.

Data zehatz bat eman gabe, bikote perfektua aurkitzea helburu duen gizarte baten argazkia egiten digu zuzendariak. Badirudi maitasunean ere merkatuak agintzen duela, eta segurtasun eza eta besteen etengabeko onarpenaren beharra nagusi direla gizartean. 

Ez da komedia arrunta, baina zer da komedia erromantiko bat? Gehiegitan formula errepikakorregi bat erabili da horrelako filmak sortzeko, eta zorionez Fingernails hortik dezente aldentzen da. Baina aldi berean ohiko klixe horiek erabiltzen ditu ikusleari irribarrea eragiteko. Argi dago Nikouk generoaz barre egin eta bide batez komedia egiteko beste modu bat proposatu nahi duela. 

Istorio sakona

Veneziako Orizzonti sailean Apples filmarekin lehiatu ondoren, maitasunak zer esan nahi duen jakiteko, gidoi bat idazteari ekin zion. "Batez ere, landu beharreko zerbait dela uste dut", adierazi du zuzendariak.

Filmeko bikote protagonista benetako maitasuna aurkitu ei duen hogeita hamar urteko neska eta mutil bat dira. Teknologiari esker bikoteak betiko maiteko dela uste du, baina makina zehatzenak ere ezin ditu gizakiaren emozio eta sentimenduak ulertu. Bikoteen konexioa neurtzeko azazkal bana kentzen diote bikoteari -hor   dago  mina-  eta mikrouhin  labe   batek  esango du elkar maite diren edo ez. 

Istorioa bikote batean zentratzen den arren, laster hirugarren pertsona bat ere azalduko da, emakumearen lankidea, eta horrek sentimendu zurrunbilo bat eragingo du. Hau guztia gainera, maitasuna sustatzeko institutu batean gertatzen da, bikoteen maitasuna indartzeko klixe posible guztietatik abiatzen dena, frantsesezko abestietatik hasi eta Hugh Granten pelikuletaraino. "Maitasunaren estereotipoak bilatzen ditugu, baina, egia esan, gero eta bikote gazte gehiago joaten dira terapiara euren arteko harremana hobetzeko", adierazi du filmaren zuzendariak.

Arketipo horiek, gainera, etengabe umorearekin jolasteko aukera ematen diote. "Ikuslearengan irribarre malenkoniatsua sortu nahi nuen. Horregatik, amaiera baikor baten aldeko apustua egin nuen", azaldu du Nikouk. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak