Gurea aldarrikatzeko eta ospatzeko eguna

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2023ko ira. 26a, 22:18

Paco Sagarzazu aktorea Zinemira sariarekin.

Gaur Euskal Zinemaren Gala ospatu da Victoria Eugenia Antzokian. Bertan Paco Sagarzazu aktore donostiarra izan da protagonista, Zinemira ohorezko saria jaso baitu, azken 40 urteetako euskal zineman eta antzerkian "ezinbesteko figura" izan delako.

83 urterekin jaso du Paco Sagarzazuk Zinemira saria. Nahiz eta antzerki amateurra erabat laga ez duen, txantxetan hasi da agertokietatik erretiroa hartu izanaz: "Buruz ikasten nekatuta, orain, askoz atseginagoa eta erosoagoa den zerbait egiten dut, irakurri", adierazi du pantaila handian 40 urte eman dituen aktoreak. Sagarzazuren curriculumean izen handiak daude: Tasio, La muerte de Mikel, Salto al vacío edo La gran aventura de Mortadelo y Filemón... Baina azken urteotan Asier Altunaren Aupa Etxebeste! eta Agur Etxebeste! pelikuletan ikusi dugu. Bietan protagonistaren aita xelebrea gorpuztu du donostiarrak. 

Antzezleak Ane Gabarainen eskutik jaso du saria, eta  gurasoei eskaini die aitortza hau; haiek bultzatu baitzuten aktore izatera. Bere hitzaldiaren amaieran joandako bi lagunez gogoratu da -Alberto Moreno eta Felipe Alberdi- eta sari hau bidelagun izandakoekin banatuko duela ere azaldu du.

Sari gehiago

Aurtengo Zinemira saileko filma aurkeztuta, euskal film bateko gidoi onenaren saria banatzeko unea iritsi da. Aurtengo saridunak Isabel Herguera eta Gianmarco Serra izan dira El Sueño de una Sultana pelikulan egindako lanagatik. Animaziozko filmaren zuzendari eta gidailariak esan du: "Eskerrik asko modu basatian sortu zen gidoi hau saritzeagatik". Ondoren,  20.000 especies de abejas film arrakastatsuaren zuzendari Estibaliz Urresolari eman diote Egile berriak saria. Saria hau estreinakoz banatu da, eta Urresolaren pelikulak izandako arrakastaren aitortza gisa eman diote. 

'Arnasa Betean' filma

Galaren ostean Arnasa Batean, emakume zinegileak filmaren txanda iritsi da. Berta Gaztelumendik eta Rosa Zufiak zuzendutako dokumentalean emakumeek euskal zinemagintzari egindako ekarpena azaltzen da, bai iraganeko garaietan, bai garaikidetasunean. Pelikulan honetan hainbat zuzendarik beren ibilbidea erabiltzen dute emakumeek zineman egindako ibilbidea erakusteko. Beren ametsen ikuspegia, elkar gainditzeko ahaleginak... baina filmean, batez ere, zinemari eta gizarte osoari egindako ekarpen baliotsua ageri da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak