80ko hamarkada, Kopenhagen, Jan izeneko nerabe bat siestatik esnatzen da erekzio batekin. Nabarmen zaharragoa den gizon bat hurbiltzen zaio eta, oso modu esplizituan eta kameraren aurrean, gaztea masturbatzen hasten da. Ondoren, ahozko sexua praktikatzen dio. Filmak bat-batean 90. hamarkadara egiten du salto. Jan hazi egin da eta Nuuken bizi da, Groenlandian, emaztearekin eta bi seme-alabekin. Bere asmoa "Kalak" bihurtzea da, hau da, benetako groenlandar bat. Azken batean, munduan leku bat aurkitzea nahi du. Hala ere, bere bizitza aldatu egiten da bere abusatzailearen gutun bat jasotzen duenean. Aita da, eta Danimarkara itzultzeko eskatzen dio, eztarriko minbizi baten ondorioz berehala hilko baita.
Isabella Eklöfen Kalak filma ezin da modu gordinagoan hasi, eta argi uzten du Urrezko Maskorra lortzeko lehian dagoen filmak publikoaren deserosotasuna bilatzen duela, bai istorioarekin eta bai hura erakusteko moduekin. Filma Kim Leineren autobiografian oinarritzen da, eta idazlea filmaren gidoilarietako bat izan da.
Emil Johnsenek ongi baino hobeto gorpuzten du Jan, abusu garai luze batetik ihesean Groenlandiara alde egiten duen erizaina. Baina Janek ez dio bere aitari bakarrik ihes egiten, bere buruarengandik ere aldendu nahi du, erru potentzialetik, haiek baimentzeagatik eta haiekin plazera sentitzeagatik sentitzen duen errua. Orain, heldua izanik, mendekotasuna du – lehenengo sexuarekin eta gero drogekin –, eta harreman irekia du emaztearekin eta bidean gurutzatzen den emakume guztiekin. Janek maitatua sentitu eta bere burua maitatu nahi du, eta noski, Groenlandiako komunitatearen parte izan, baina suntsipenera baino eramaten ez duen bide ilun batean barneratzea baino ez du lortzen.