Urrea erregeentzako

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2022ko ira. 24a, 22:35

70. Donostia Zinemaldiko sarituak.

Los reyes del mundo filmari esker lortu du Laura Mora kolonbiarrak Urrezko Maskorra. Zortzi izan dira palmares ofizialean sartzea lortu duten filmak, eta 70. Donostia Zinemaldiaren palmaresak talentu gaztea etorkizuna ez ezik orainaldia ere badela argi utzi du.  

Hirugarren urtez jarraian emakume batek zuzenduriko film batek eskuratu du Sail Ofizialeko sari nagusia, eta Zinemaldiaren historian lehenbizikoz irabazi du Urrezko Maskorra Kolonbiako produkzio batek.

2017an Matar a Jesús lanarekin etorri zen Laura Mora aurrenekoz Donostiara, eta bere bigarren luzea den Los reyes del mundo filmari esker eskuratu du Urrezko Maskorra. Zuzendari gaztea oso hunkituta igo da oholtzara, eta bertan filmak Donostian izandako harreragatik eskerrak eman dizkio Zinemaldiari. Zuzendariarekin batera talde protagonista igo da oholtzara, eta eurei ere zuzendu zaie Mora: "Gazte hauek asko irakatsi digute" esan die hitzak malko artean hartu dituzten lankideei. Hirugarren urtez jarraian, emakume batek zuzenduriko film batek eskuratu du Sail Ofizialeko sari nagusia.

Los reyes del mundo desobedientziari, adiskidetasunari eta erresistentzian existitzen den duintasunari buruzko filma da. Rá, Culebro, Sere, Winny eta Nano Medellíngo bost kale-mutil dira, erresumarik, legerik eta familiarik gabeko bost errege, lur aginduaren bila abiatuko direnak. Klan basati eta maitagarri baten bidez kontatutako ipuin subertsiboa, errealitatearen eta eldarnioaren artekoa.

Bestalde, aurtengo edizioan aipatzekoa da aurtengo palmaresaren gaztetasuna. Hau ez da kasualitatea izan, Sail ofizialean opera prima bat baino gehiago egon baitira. Horren adierazle da Interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko maskorra lortu duen Clara Quilezek ez duela Goya sarietarako hautagaitzarik lortuko gazteegia delako. Epaimahaiaren Sari Bereziak eta Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorrak bi opera prima aitortu dituzte: Runner eta Hyakka, hurrenez hurren. Azken lan hori Genki Kawamurak zuzendu du, gaur egungo funtsezko hainbat animazio-film japoniarren ekoizleak.  

Azken urteetan bezala, kazetariok Kursaaleko prentsa aretotik jarraitu dugu itxiera gala. Azken urteetako joera apurtuz, apenas entzun dira txistuak epaimahaiak palmaresa irakurri duen unean. Aurten kontrakoa gertatu da, eta txaloak baino ez dira entzun gala osoan zehar. 

'Suro'-ren indarra

Erdal esaerak dio ez dela erraza izaten norberaren etxean profeta izatea, baina Mikel Gurrea zinegileak kontrakoa egin daitekeela erakutsi du. Horrela, donostiarraren lehen film luzea den Surok irabazi du Euskal Zinemaren Irizar saria Donostiako Zinemaldian. Halaber, beste bi sari ere irabazi ditu pelikulak, nazioarteko kritikarien Fipresci saria eta Euskal Gidoigileen Elkartearena.

Egiari zor, Suroren sendotasunak inpresioa eragiten du. Bikote harremana, haien tentsio eta krisiak eta bakoitzaren bilakaerak mamitzen dute Suro, eta hori gutxi balitz Gurreak  arrazakeria ere sartzen du koktailean. Filmeko artelatzei gertatzen zaien bezala Surok geruza ugari ditu eta horiek ateratzena dago koxka.

Palmares ofiziala

  • Film onenaren Urrezko Maskorra: Los reyes del mundo
  • Epaimahaiaren Sari Berezia: Runner (Marian Mathias)
  • Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra: Genki Kawamura (Hyakka)
  • Interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra: Ex aequo Carla Quílez (La maternal) eta Paul Kircher (Le Lycéen)
  • Taldeko interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra: Renata Lerman (El suplente)
  • Argazki onenaren epaimahaiaren saria: Manuel Abramovich (Pornomelancolia)
  • Gidoi onenaren epaimahaiaren saria: Dong Yun Zhou eta Wang Chao (Kong Xiu/A woman)

Gainontzeko paraleoak

Goizean zehar jakin ditugun sariez gain, beste garaikur batzuk ere banatu dituzte Kursaalean.

  • Kutxabank - New Directors saria: Fifi (Jeanne Aslan eta Paul Saintillan)
    • Aipamen berezia: Pokhar ke dunu paar (Parth Saurabh) 
  • Horizontes latinos saria: Tengo sueños electricos (Valentina Maurel)
  • Zabaltegi - Tabakalera saria:  Godland (Hlynur Pálmason)
  • Nest Zinemaldia saria:  Montaña azul (Sofía Salinas)
    • Aipamen berezia: Anabase (Benjamin Goubet)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak