Kandelarik gabeko urtebetetzea

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2022ko ira. 25a, 00:04

Zinemaldiaren egoitza nagusia den Kursaala.

70. Donostia Zinemaldia zan behar zen festa ez da horren borobila izan. Aforoak, alfonbra gorriak, giroa... bueltatu diren arren, zinemaren festa honi izar batzuk gehiago falta izan zaizkio. Jaialdi ona izan da, baina urteurren borobil honek eskatzen zuen glamour puntutxo hori faltan bota dugu Donostian. 

Rebordinosen taldeak zinemaren festa handi bat nahi zuen 70. Donostia Zinemaldirako, eta 69.ena bukatu bezain pronto horretara jarri ziren burubelarri. Hasiera ez zen makala izan, eta zinema jaialdiaren ibilbidea laburbiltzen duen Tabakalerako erakusketak oso kritika onak izan zituen. Gainera, espero baino jende gehiago gerturatu zen bertara, Zinemaldiaren bidez hein handi batean hiri honen historia ere kontatzen duen erakusketa ikustera. 

Maiatzean aurkeztu zituzten aurtengo kartelak, eta ekitaldi berean txalo artean hartu zen lehen albistea. Juliette Binoche aktoreak, 70. Zinemaldiaren irudia izango zenak, Donostia sarietako bat jasoko zuela iragarri zuten. Ez zen hasiera makala, eta hurrengo hilabeteetan etortzekoak ziren albisteen langa oso goian laga zuen lehen prentsaurreko horrek.

Asteek aurrera egin ahala, albisteak zurrumurrekin tartekatzen joan ziren, eta filmeen maila altua izan arren, ez da apenas sorpresarik egon. Albisteek, onak izan arren, ez dute ezustekorik ekarri, eta ez da ikusle eta zinema zaleak ahozabalik utziko zituen iragarpenik egon, ez iritsierei dagokienez ez Sail Ofizalean edota Perlak sailean ere. 

Horrez gain, 70. urteurrena ospatzeko Donostia Sari zaparrada falta zen. Izen asko entzun ziren, baina azkenean David Cronenbergek itxi zuen zerrenda. Batzuen ustez bi Donostia sari ez dira nahikoak ganorazko urtebetetze festa borobil bat egiteko. 

Gogora dezagun 60. Zinemaldian izandako izar kopurua. Urte hartan Rebordinosen plana bikain irten zen eta jotako ate guztietan baiezkoa jaso zuten. Aurten, Zinemaldiaren lantaldeak ez du zorte bera izan, eta alfonbra gorrietan zein Maria Cristina hotelaren atarian ez dira nahi beste garraxi entzun. Hori bai, jendea gogo handiz itzuli da beteak egon diren zinema aretoetara.

Eta orain 70. Donostia Zinemaldia bukatu dela, 71.a iritsi bitartean, gogoan izan zineek, antzokiek, aretoek... Sormenak, finean, zabalik jarraitzen duela. Kulturaren teloia egunero altxatzen delako.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak