David Cronenberg: "Filmak egiten jarraitzeko bultzada da Donostia Saria"

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2022ko ira. 21a, 23:57

Cronenberg Donostia sariarekin.

David Cronenberg zinemagile kanadarrak Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko bigarren Donostia Saria jaso du. Victoria Eugenia Antzokian egindako galan Gaspar Noé zuzendari frantziarrak eman dio garaikurra eta Viggo Mortensenek bideo bidez zoriondu du Cronenberg. 

Aurtengo bigarren Donostia sariaren gaua izan da gaurkoa eta sorpresaz beteriko ekitaldia prestatu diote David Cronenberg-i. Zinemagilea oso adeitsu azaldu da une oro eta Donostia saria filmak egiten jarraitzeko "bizigarria" dela adierazi du. Garaikurra Gaspar Noé zuzendariak eman dio eta zinemagile frantziarrak Oz-eko Aztiarekin alderatu du Cronenberg. Noék, omenduak, bere filmen bidez "existentzia birpentsatzeko" aukera eman diola aitortu du.

Gaua borobiltzeko, sarituak espero ez zuen ezuste bat izan du. Viggo Mortensenek galan proiektatutako bideo baten bidez zorionak bidali dizkio lankidea eta laguna duen Cronenbergi.

Donostia saria jaso duten zuzendarien zerrendan sartu da kanadarra; besteak beste, Francis Ford Coppola, Woody Allen, Oliver Stone, Agnès Varda, Hirokazu Koreeda eta Costa-Gavras dira zerrenda horretako kide.

Iluntasunaren maisua

Izugarrikeria biologikoaren, atmosfera aztoratzaileen eta unibertso pertsonal bezain transferiezinaren maisu, Cronenbergek hogei bat film luze zuzendu ditu, eta horien artean, nabarmentzekoak dira hainbat generotako –zientzia fikzioko, beldurrezko filmetako, drama psikologikoen generoko eta thrilleretako– klasiko bihurtu diren obrak.

2004an, Zinemaldiak Crash  eman zuen Incorrect@s atzerabegirakoan esparruan, eta hiru urte geroago, Cronenbergek lehen aldiz bisitatu zuen Donostia Sail ofiziala inauguratu zuen Eastern Promises filmarekin.

Piano-jotzaile baten eta idazle baten semea, David Cronenberg liburu eta komikiz inguratuta hazi zen, eta kultura eta zinemarekiko bere interesa oinarritu zuen horrek. 60. hamarkadan egin zituen bere lehen film laburrak eta 1969an iritsi zen bere lehen luzea den Stereo. Lehen obra horietan ere argi geratzen da zeintzuk izango diren bere gai gogokoenak: gaixotasuna, indarkeria, sexua, gorputza, esperimentazio zientifikoa, etab.

Cronenbergek zenbait idazleren eleberrien zinema-moldaketak ere egin izan ditu Stephen King, William Burroughs, J.G. Ballard... Azken idazle honen Crash eleberriaren egokitzapenak ospe handia eman zion zinemagileari. Pelikulan, hainbat pertsonaiak auto-istripuak izatean sentitzen duten sexu-kitzikapena aztertu zuen egileak, eta lan honekin, Cannesko jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen. Horrez gain, Kanadako Ordenarekin saritu dute, eta Frantziako Arte eta Letren Ordenako ofizial eta Ohorezko Legioko zaldun ere bada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak