Heriotza eta dolua bonba moduko bat dira, eta inguruan duten guztia suntsitzen dute. Zer esanik ez Heriotza uste baino lehenago iristen denean, orduan ondorioak are okerragoak baitira. Sail ofizialean, doluaz mintzo diren bi film ikusi ditugu.
Christophe Honorék Lucas nerabearen katarsia erakusten digu Le Lycéen filmean. Aita galdu berri duen nerabe baten prozesuan murgiltzen da Honoré. Horrela, adin horretan aztoratuta egoten diren emozioek basapizti bihurtuko dute gaztea, eta amari (Juliette Binoche) eta anaiari kasu handirik egin gabe noraezean ibiliko da Lucas. Narrazio eta elementu klasikoz betea dagoen film honetan itxaropena eta maitasuna berreskuratzeko borrokatu beharko du mutikoak.
Aita galtzea normalagotzat jotzen den arren, semea galtzea hondamendia da. Egon eta Maren senar-emazteek seme heldua galdu dute, eta atsekabeak lur jota utziko du familia osoa, baita Lily alaba ere. Resten af livet-en dolua gainditzeko bi bide topatuko ditu ikusleak, eta arrebak eta aitak oroitzapenak gorde nahi dituzten bitartean, amak ate hori betiko itxi nahiko du.
o
Resten af livet bizitza ospatzeko familia-drama da, eta istorioa oso gordina izan arren, argi izpi batekin amaitzen da. Argi dago denborak ez duela guztia konpontzen, baina sentimenduak baretzen ditu. Gainera, gogorra bada ere, filmaren bukaeran esperantzarako bidea zabalik uzten da, familia semearen doluan batu egin dela ikus baitezakegu.
Barruan daramagun piztia
Herri txikietan ez omen da ezer gertatzen sekula, baina ongi begiratuz gero, kontu txikiez betetako ekosistemak direla argi geratzen da. Ricardo Sorogoyenek bukolikoa izan beharko litzatekeena amesgaizto bihurtzen du Perlak saileko As Bestas filmean.
Frantziako Antoine eta Olga bikotea aspalditik bizi dira Galizia erdiguneko herrixka batean. Lasai bizi diren arren, bertakoekin bizikidetza ez da nahiko luketen bezain idilikoa. Bikoteak herrixkan jarraitu nahi du, eta bertako askok handik ihes egin nahi du bertan jarri nahi duten parke eoliko bat ezartzeko emango dieten diruari esker. Akordio faltak giroa gaiztotuko du, eta bizilagunen arteko harremanak okerrera baino ez du egingo.
Sorogoyenek bere ohiko gidoilaria den Isabel Peñarekin batera osatu du istorio ilun honen gidoia. Filma Cannesgo jaialdian estreinatu zen Cannes Premiere sailaren barruan, eta hemen bezala, jaialdi frantsesean ere oso harrera ona izan zuen. Gidoiaren indarraz gain, aipatzekoa da laukote protagonistak egiten duen lanari esker filmaren tentsioak ez duela etenik.
As Bestas filmak oso argi lagatzen du herri txiki bat infernu handia bilakatu daitekeela.