Marian Mathias zuzendariaren estreinako filma oso proposamen originala da. Runner-en alaba batek ere aita hilobiratzeko egin beharreko bidaia kontatzen da. Estatubaturrak 4:3 formatua eta apenas mugimendua duten planoak erabili ditu istorioa kontatzeko. Filmak antzerkia dirudi eta proiektu apurtzaile hau indartzeko isilune luzeak eta eszena zeharo ilunak erabili ditu.
Zoritxarrez baina, zuzendariak ez du istorioak behar duen atmosfera intimoa lortzen. Hala ere azpimarratzekoa da filmaren argazki hotzak pertsonaiarekin kontektatzen zaituela. Eta munduan bakarrik geratu den neskaren pentsamentuetara gerturatzeko bidea dela.
Emozioak: onak eta txarrak
Beste sari batzuen artean bi urrezko maskor dituen Isaki Lacuestak Un año, una noche filmarekin etorri da Donostiara. Zuzendariak Bataclan kontzertu aretoan gertatutako eraso terrorista kontatzen du. Zuzendaria oso argia izan da eta gertakaria zehatz kontatu beharrean alde emozionaletik landu du gaia. Horrela, irudi gogorrenak sahiesteaz gain, eraso hark utzitako ondorio psikologikoetan murgiltzen da.
Ramon eta Celine dira protagonistak eta euren azaletik jasoko dugu garaiko kronikek kontatu ez zutena. Zorigaiztoko gau hartan gertatutakoak bikotearen nondik norakoak baldintzatuko du, euren etorkizuna zeharo baldintzatuz. Proposamen originala da eta Lacuestak argi utzi du horrelako eraso bat kontatzeko beste modu bat ere badagoela.
Broker-ek ere istorio gogorra du atzean, baina soilik Hirokazu Koreedak duen xamurtasunari esker egoera gogorrena ere hunkigarri bilakatu daiteke. Gau euritsu batean, neska gazte batek eliza baten atarian uzten du bere haurtxoa. Abandonatutako haurtxoen lapurretan diharduten bi gizonek jasoko dute jaioberria, tarifa bat ordaintzeko prest dauden gurasoei saltzeko asmoz. Neska gaztea damututa itzuliko da elizara, eta bi gizonen legez kanpoko negozioa deskubrituko du han. Horiekin bat egitea erabakiko du adopziozko guraso aproposenak aurkitzeko.
Road movie bat dirudien lan honetan sentimentu guztiak nahasten dira. Istorioak aurrera egiten duen heinean protagonista guztien azalean jarriko da ikuslea eta, gehiago edo gutxiago, guztiak ulertuko ditu pelikularen amaieran.
Japoniako zuzendariak bere filmetan erabili ohi duen sentikortasunari esker arima hunkitzea lortzen duen filma da Broker.