Lagun artean gauza asko egin daitezke, baina eurak izan ohi dira epaile zorrotzenak. Ziur horrelako zerbait izan dutela buruan gaurko protagonistek. Donostia Zinemaldia ez da plaza erraza, eta guztiak txaloaren bila etorri arren, ez da beti horrela izaten.
Sail Ofiziala
Jaime Rosalesek gogoan izango du 2008ko Zinemaldia. Lehiaketa ofizialaren parte zen Tiro en la cabeza filmak ez zuen harrera ona izan, eta zuzendariak, Donostiatik pasa ostean, filma zinema aretoeratara ez eroatear egon zen. Oraingo honetan, baina, oso film desberdina ekarri du lehiaketara. Girasoles silvestres lana maskulinitate toxikoetan murgiltzen da, eta Julia (Anna Castillo) protagonista etorkizun gutxi duten erlazioetan ikusiko dugu behin eta berriro. Annak ukitu berezia ematen dio filmari, baina niretzat Oriol Pla aktorearen lana are borobilagoa da. Plak karikaturatik gertu dagoen eta hasieratik matxirulo prototipikoa den Oscar gorpuzten du.
El suplente filmean, berriz, Diego Lerman argentiarraren eskutik auzo txiro bateko eskolan murgilduko gara. Horrela, literatura irakasle bat bere haurtzaroko ikastetxera bueltatuko da eta ohiko arazoez gain drogen munduarekin topatuko da.
Sarealdi baten ostean hainbat ikasle atxilotuko dituzte eta Dilan –narkoen talde batek jazarritako ikasle bat– salbatzen saiatuko da irakaslea. Filmak erritmo polita dauka, eta zorionez ez da topikoetan erortzen.
Zinemaldian tankera honetako filmeek harrera ona izaten dute eta askotan ikusle zein epaimahaiaren onespena jaso izan dute.
Gertuko perlak
Veneziatik iritsi berri den En los márgenes filmeko protagonista eta zuzendariak harrera bikaina izan dute Zinemaldian. Juan Diego Bottok zuzentzen duen film honetan etxegabetzeen drama kontatzen da, eta onartu behar dut aktoreak zuzentzen duen lehen filma izateko oso ongi egina dagoela.
Bottoren proiektuak Penelope Cruzen babesa izan du, eta madrildarrak filmean paper bat izateaz gain, ekoizleetako bat ere bada. Filmean hainbat istorio kontatzen dira, eta Alejandro González Iñárrituk Babel filmean egin zuen bezala, tramak istorio horiek batzera eroango du ikuslea. Ziur nago sari denboraldian behin baino gehiagotan entzungo dugula En los margenes.
Zinemaldira ugaritan etorri den Ozonek, aurten, ez du bere lanik borobilena ekarri. Hori bai, melodrama, pertsonaia histrionikoa eta umorea nahastea gogoko duten ikusleek pelikula entretenigarria dela esango dute.
François Ozonek zuzendutako lan hau Rainer Werner Fassbinder zuzendari alemanaren Die Bitteren tränen der Petra von Kant filmaren egokitzapena da. Kasu honetan frantziarrak generoa aldatu dio protagonistari eta Donostian Peter Von Kant erakutsi du. Urrezko maskorra duen Ozonen lana ez da bere film onena. Luzeegia iruditu zait, eta film bat baino antzerki itxura duen lana da hau.
Espainiako zinemaren sari nagusia
Penelope Cruzi hitzorduak pilatu zaizkio Donostian, En los márgenes aurkezteaz gain sari bat ere jaso duelako. Miquel Iceta Kultura ministroak eman dio Espainiako zinemaren 2022ko sari nagusia aktoreari. Cruz oso eskertuta agertu da.
Oso hunkitua azaldu den aktoreak sariaren epaimahaiari ez ezik Zinemaldiari ere eskerrak eman dizkio, "hamarkada hauetan zinema ona sustatzen egindako lanagatik" esan du Cruzek.
Madrildarra ez da bakarrik egon Tabakaleran eta agintariez gain bere lagun, lankide eta familiak ere izan dira bertan. Cruzek azaldu du sariaren dirua, besteak beste, etxegabetzeen aurka lan egiten duten erakundeen artean banatuko duela.