Zinemaldiak 70 urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2022ko ira. 16a, 22:31

Kandelei putz egin dieten unea.

Bi urteren ostean jendea alfonbra gorrira itzuli da, eta 70. Donostia Zinemaldiak urteurren borobil hau normaltasunez eta publikoaren babesarekin ospatuko du. Inaugurazio-galaren ardatza urtebetetze berezi hau izan da, eta ekitaldiaren amaieran Kursaalean zegoen jendeak 70 kandelei putz egin die, Zorionak zuri abestearekin batera.

Loreto Mauleón eta Paco León izan dira Zinemaldiaren 70. urteurrena ospatzeko egin den galaren aurkezleak. Barre, musika eta txalo artean bi aktoreek oso gala arina gidatu dute.

Inaugurazio-galak Zinemaldiaren 70 urteei errepasoa egiteko balio izan du. Horretarako, NODO albistegitik ateratako 1953ko Zinemaldiko hainbat irudi eskaini dituzte. Guztion sorpresarako, lehen jaialdi hartan Goizaldi taldeko dantzari gisa parte hartu zuten lau emakume gonbidatu dituzte agertokira.

Emakume hauek ez dira agertokira igo diren bakarrak izan, Zinemaldiaren atal bakoitzak bere aurkezlea izan baitu. Eta azken urteetan bezalaxe, musikak ere bere tartea izan du galan, Mikel Erentxun musikari donostiarraren eta Rocío Márquez flamenko-kantari andaluziarraren eskutik.

Zineman zentratuz, urteko nazioarteko zinema kritikariek Donostian ematen den Fipresci Sari Handia banatu dute. Andoni Iturbek iragarri du saria Ryusuke Hamaguchiren Drive my car filmak irabazi duela. Filmaren zuzendaria ezin izan da Donostiara etorri, baina bideo bidez eskertu du Fipresci Sari Handia lortu izana.  Hamaguchik onartu du filmaren iraupenagatik -3 ordu- estreinaldiaren aurretik "beldurra" sentitu zuela, baina ikusleen erantzuna ikusi ostean lasaitu egin zela. 

Hasiera ekitaldian epaimahai Ofizialeko kideak ere izan dira, eta zazpikote garrantzitsu horren buru den Matias Mosterín ekoizlea. Argentinarrak nabarmendu duenez "zinema ahotsen multzo hori da, mundua ikusteko hainbat eta hainbat modu: zuri-beltzean, koloretan, mutu edo zalapartan".

Inaugurazio filma

Alberto Rodriguez zuzendariaren  Modelo 77 filmak eman dio hasiera aurtengo Sail Ofizialari. Espainiako demokraziaren lehen urteetan Copel presoen kolektiboak egindako borroka kontatzen du.

Urte haietan presoek pairatzen zituezten jipoiak, janari ustela, arkakusoak, osasun arretarik eza, miseria...  jasotzen ditu filmak. Horrez gain, Franko hil osteko urteetan kalean zegoen aldaketa gogoa ere iritsiko da espetxeetara. 

Izan ere, arrazoi politikoengatik giltzaperatutakoei amnistia iritsi zaien bitartean, gainerakoek baldintza penagarrietan jarraituko dute espetxeetan. Gauzak horrela, euren eskubideen alde borrokatzea erabakiko dute zenbait presok, eta horretarako sortuko dute Copel elkartea. Aldarrikapen horren kronika da Modelo 77. Alberto Rodriguezen filma lehiaketa ofizialean dago, eta goizeko emanaldiko txaloek argi utzi dute jendeari ikusitakoa gustatu egin zaiola. 

Nire partetik, ez naiz publikoaren kontra joango, baina pelikula oso entretenigarria den arren, batzuetan apur bat errepikakorra dela uste dut. Horrez gain,  espetxe kanpoko gizarteak borroka hau nola bizi izan zuen ikustea falta izan zait. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak