Urrezko maskorra Errumaniara

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2021ko ira. 25a, 21:30

Sarituak amaiera galaren bukaeran.

Aurtengo palmaresa azken urteetako zabalena izan da. Oholtza gainean, nagusiki, emakumeen talentua eta haien lana saritu gura izan ditu 69. Donostia Zinemaldiaren epaimahai ofizialak. 

Hirugarren urtez jarraian, zuzendari baten lehen filmak eskuratu du Urrezko Maskorra. Aurretik 2019an Paxton Winters egilearen Pacificado lanak irabazi zuen, eta 2020an, berriz, Dea Kulumbegashvili zinemagilearen Dasatskisi (Beginning) obrak. Hain zuzen ere, azken zuzendari hori izan da aurtengo edizioko epaimahaiburu ofizial, eta erabaki dute Zinemaldiaren sari gorena Crai nou/Blue Moon filmari ematea; Alina Grigore zuzendari errumaniarraren opera primari, alegia. Errumaniako produkzio batek lehenbizikoz irabazi du Donostia Zinemaldiaren Urrezko Maskorra.

Talentuak ez dauka sexurik, baina aipatzekoa da aurtengo Sail Ofizialean gertatu den bezala, saritu gehienak emakumeak izan direla. Dea Kulumbegashvili buru zuen epaimahaiak talentua saritu du, kalitatezko filmak egiteko modu berriak, eta Sail Ofizialean egon diren zinemagileen esfortzua. 

Aurtengo palmares irekiak argi utzi du gizateriak bizitako unerik ilunenetan ere sormenak ez duela mugarik. Sail Ofizialaren parte izan diren 16 filmeetatik 6k lortu dute palmaresean sartzea, eta horrek agerian jartzen digu aurten Zinemaldiko aukeraketa taldeak bete betean asmatu duela. Egia da film batzuek zaila izango dutela areto komertzialetan ibilbide luzea izatea, baina guztiek sarituak izatea merezi zuten eta horrela gertatu da. 

Txaloak eta txistuak 

Azken urteetan bezala, kazetariek Kursaaleko prentsa aretotik jarraitu dute sari banaketa. Horrela, epaimahaien iritzia txalo artean hartu dute, bi sari potoloenak jakin arte; urrezko maskorra eta Epaimahairen sari berezia iragartzean, aretoa banatu egin da, eta bi une horietan txaloak eta txistuak entzun dira prentsa aretoan. 

Palmares ofiziala

  • Film onenaren Urrezko Maskorra: Crai nou / Blue moon
  • Epaimahaiaren Sari Berezia: Lucile Hadzihalilovic (Earwing)
  • Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra: Tea Lindeburg (Du som er I Himlen / As in heaven)
  • Interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko maskorrama: Ex aequo Flora Ofelia Hofmann (Du som er I Himlen / As in heaven) eta Jessica Chastain (The eyes of Tammy Faye)
  • Taldeko interpretazio onenaren Zilarrezko maskorra: Quién lo impide filmaren antzezle taldeari
  • Argazki onenaren epaimahaiaren saria: Claire Mathon (Enquête sur un scandale d'étatu / Undercover)
  • Gidoi onenaren epaimahaiaren saria: Terence Davies (Benediction)

Gainontzeko paraleoak

Palmares ofizialaz gain, beste sari batzuk ere banatu dituzte Kursaalean. 

  • Publikoaren saria: Petite maman
  • Publikoaren saria (Europa): Ouistreham / Between Two Worlds
  • Kutxabank-New Directors saria: Nich' Ya / Unwanted
    • Aipamen berezia: Carajita
  • Horizontes latinos saria: Noche de fuego
  • Zabaltegi-Tabakalera saria: Vortex
    • Aipamen berezia: Eles transportan a morte 

Euskal zinemaren Irizar sariak sariak aurten Debagoieneko kutsua izan du, Aitor Arregi oñatiarra izan baita sail honetako epaimahaiburu

  • Irizar saria: Maixabel
    • Aipamen berezia: Kuartk Valley

Zinema kazteariok sari propioa banatzen dugu Zinemaldiaren baitan.

  • Feroz saria: Quién lo impide

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak