XXI. mende gazte honetan puri-purian dauden bi gai izan ditugu Sail Ofizialean. Batetik, Zinema jaialdietan beteranoa den Laurent Cantet-en Arthur Rambo sare sozialen botere eta berehalakotasunaz mintzo da.
Film horrek kontatzen digunez, Karim D idazle arrakastatsua da, baina prentsak laster jakingo du Karim sare sozialetan Arthur Rambo ezizenaren atzean ezkutatzen dela. Ramboren tuit iraingarriek Karimek eskuratu berri duen estatusa kolokan jarriko dute. Onartu beharra dago Cantentek gaurkotasuna darion istorioa ekarri duela Zinemaldira, baina zoritxarrez, filmeko planteamendu batzuk apur bat zaharkituak daudela dirudi. Hala ere filmak funtzionatzen du, eta erreflexiorako bidea ere ematen du.
Gaurkotasun oso-osoa duen beste film bat Camila Saldra Esta Noche da, Argentinako emakumeek lortutako iraultzaz mintzo dena. Sinopsia irakurri gabe, halere, pelikula honen aurrean jartzen den ikusleak pentsa lezake nerabetasuna lantzen duen beste film bat baino ez dela, baina ez da egia. Izan ere, Ines Barrionuevoren filmaren muina Argentinako emakumeek euren eskubideak aldarrikatu eta lortzeko bidea da.
Helburu hori lortzeko Barrionuevok, protestetan zentratu beharrean, nerabe batzuengan zentratzen du kontakizuna, eta euren desio, erabaki, sexualitate eta pentsakeraz baliatzen da emakumeen borrokaren beste garaipen bat kontatzeko. Azpimarratzekoa da Nina Dziembrowski aktore gaztearen lana.
Moja lesbianak
Badakit bi hitz horiek lotzeak polemika sor dezakeela, baina Paul Verhoeven zuzendariaren Benedetta filma deskribatzeko modurik motzena horixe da. XV. mendean kokatuta dagoen istorioak ez du sinopsi txarra: garaiko eliza, izurriteak, fedea, emakumea, boterea... pentsa zitekeen filmak arrakasta itzela izateko osagai guztiak zituela, baina emaitza oso bestelakoa da.
Izan ere, istorio potente bat egiteko osagai horiek guztiak eskura izanik ere, Verhoeveni kontakizun deskafeinatu bat geratu zaio. Mirariak, amodio debekatua, insumisioa, iraultza... guri iritsi zaigun Bendetta Carliniren istorioak denetik dauka. Baina, nire ustez, Verhoevenek ez du ongi kalkulatu edo, guztia kontatzeko helburuarekin ez du ezertan sakontzen. Are gehiago, sinesgaitzak diren unez beteta dagoen istorioari hauspoa eta indar gehiago eman beharrean, zuzendariak lurrera jaitsi du, eta ondorioz, ikuslea istoriora gerturatu beharrean sinesgarritasuna kentzen zaio. Horrela, XV. mendeko emakume batek elizaren boterearen kontra egindako borroka moja lesbiana batzuen istorioa izatera pasa da. Batzuetan, onartzeak amorrua ematen didan arren, Charlotte Rampling aktore bikainaren presentzia ere ez dut ulertzen.
Askotan gertatzen den moduan, Benedettaren inguruko iritziak ikusleak banatu ditu, onena zineman ikustea izango da, eta norberak bere ondorioak ateratzea.