Zhang Yimou zuzendariaren Yi miao zhong filmarekin hasi da Donostiako 69. Zinemaldiaren Sail Ofizialeko lehia. Road movie hasiera duen film honek Iraultza Kulturalaren garaiko Txinan kokatzen gaitu, metalezko kutxa batean gordeta dagoen film baten lapurreta abiapuntu hartuz. Istorioak sinplea badirudi ere, ez du aspertzeko aukerarik ematen, narrazioa kontatzeko samurtasunetik eta umoretik jotzen baitu Zhang Yimouk.
Bere iragana gogoratzeko ausardia duen herria ausarta dela ezin daiteke ukatu, eta Maixabel, gai horretan bere aletxoa jartzera etorri da. Juan Mari Jauregui politikariaren alargunaren begietatik ETA, haren ondorioak eta Nanclares bidea jorratzen ditu filmak. Baina gertakizunetatik haratago, Iciar Bollainek barkamenaz, gorrotoaz, minaz... ere hitz egiten digu. Lanak, gertutasunagatik besterik ez bada ere, hura ikustea merezi du, nahiz eta ez den zuzendariaren lanik biribilena. Aktoreei dagokienez, Blanca Portillo eta Luis Tosar protagonisten lanek baino, Urko Olazabalen lanak piztu du interesa.
Terence Davies beteranoaren Benediction filma ere iritsi da Sail Ofizialera. Oraingo honetan giza harremanetan murgilduko da Davies, eta erlazioak ez direla errazak esatera dator filma. Gainera, testuinguru gisa I. Mundu gerra jartzen baduzu, guztia korapildu egiten da.
Korapilo horren baitan, Benedictionek Siegfried Sassoon poeta ingelesaren bizipenak kontatzen ditu. Horretarako haren bizitzan zehar hainbat salto emago ditu, zauri fisiko zein psikologikoen arrastoak jasotzeko. Pena bakarra da guztia kontatzeko helburu horretan Daviesek hainbat gai oso azaletik lantzen dituela. Zorionez gidoiaren zenbait unetan, ingelesen ikur bihurtu den umore garratzak barreak eragiten dituela aitortu beharra dago. Horrez gain, Jack Lowde aktore nagusiaren lana kontuan izatekoa da.
Urrezko palmorria
Julia Ducournau zuzendariaren bigarren film luzea ikusteko gogo handia zegoen. Cannesgo sari preziatuena lortu ostean, eta prentsak esandakoak irakurri eta gero, ezinezkoa zirudien aukera hori galtzea. Espero zitekeen bezala, aretoa bete egin da, eta argiak piztu direnean argi geratu da Titanek ez duela inor hotz utzi.
Titane filma gehiegizkoa da bere irudi, muntaia, istorio...hainbat arrazoigatik, finean. Gogoangarria bezain interesgarria. Baina itxura horren atzean, nabari da Ducornaurrek sakon landu duela gidoia. Titanen, oso muturreko eran bada ere, matasunaz, aitatasunaz, familiaz, sexuaz, metalaz, heriotzaz, serieko erailketez...hitz egiten da. Hori bai, oso modu ausart eta erradikal batean. Ikuslea voyeur sentiarazten duen pelikula da, eta une batzuean beste alde batera begiratzeko tentazioa izan arren, erakarpen misteriotsu eta morboso batek ez dizu begiak kliskatzen lagatzen.
Egia da ez dela zapatu arratsalde aspergarri batean inolako intentzio gabe ikusteko lana, baina filmak ikustea merezi du. Ausartzen diren ikusleak arin konturatuko dira, estetika ia punk baten atzean, ikusitakoaz zer pentsatu emango dion istorioa dagoela.