Kendu diote estalkia alfonbra gorriari, eta Kursaalean egin den galarekin hasi da ofizialki aurtengo Zinemaldia. Goizetik zinea izan da eguneko protagonista Donostian. Jendeak zine gosea zuen, eta lehen eguneko proiekzio gehietan ez da apenas eserleku librerik geratu. Gau partean aldiz, Kursaalak bildu du arreta guztia, bertan egin baita irekiera ekitaldia.
Irekiera gala
Cayetana Guillén Cuervok, Anne Igartiburuk eta Elena Iruretak aurkeztu dute Kursaalean egin den emanaldia. Baina ez dira bakarrik egon, Zea Mays eta Asier Etxebarriaren Mastodonte taldeek girotu baitute aurtengo Zinemaldiaren lehen gala hau. Eszenografia originala kubo argitsuaren formako hainbat egituraz eta Zinemaldiaren kartelen zertzeladekin ondo ematen zuen argi-diseinu koloretsu batez osatuta egon da.
Jon Mayak zuzendu duen galak hainbat hilabetez debekatuta izan ditugun besarkadak ekarri ditu gogora. Harkaitz Cano idazle donostiarraren gidoiak ideia hori azpimarratu du. "Hezur-haragizko izakiak gara, hezur-haragizko gura eta irrikekin".
Donostia Zinemaldiaren 69. edizioari ofizialki hasiera emateko, Yi miao zhong / One Second filma proiektatu da. Film horrekin Zhang Yimou lehen aldiz arituko da lehian Urrezko Maskorra lortzeko. 2020an Dea Kulumbegashvilik irabazi zuen, aurten epaimahai ofizialeko buru izango denak, hain zuzen ere.
Zuzendari txinatarra ezin izan da Donostiara etorri lan-arrazoiengatik, baina bideo bat bidali du ikus-entzuleak agurtzeko. Filmak bere haurtzaroko garaia ekarri du gogora, zinemara joatea “festa” komunitario bat zenean. "Pandemia dela eta, azkenaldian ezin izan ditugu filmak elkarrekin ikusi. Horregatik, One second are hunkigarriagoa da gaur egun", adierazi du.
Debagoiena ere bertan
Gertuko modari keinu eginez, aurkezleek euskal sortzaileek egindako soinekoak jantzi dituzte. Anne Igartiburuk Amaia Albes jostun arrasatearren soineko zuri bat aukeratu du alfonbra gorrirako: "momentuaz gozatzen ari naiz" azaldu du Albesek. Horrelako aukerak egunero bizitzen ez diren arren, aurtengoa ez da arrasatearraren lan bat alfonbra gorrian ikusten dugun lehen aldia.
Aitor Arregi ere izan da Kursaalean. Zuzendari oñatiarra lehian egotetik epaimahai izatera pasa da aurten. Arregik ez du lan erraza izango, Zinemira euskal zinemaren saileko epaimahaiburua denez, lagun eta kideen lanak epaitu behako ditu eta.
Zinemaldia hasi besterik ez da egin, eta aurtengoak 9 egun ditu mundu mailako zinemagileen lanak erakusteko.