Distira amaitu aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2020ko ira. 27a, 10:28
Kursaala aurtengo irudiarekin.

Ia mirari bat izan da aurtengo Zinemaldia ospatzea, baina trabak gorabehera irailaren 18an altxatu zen, ilusioz betea, zinearen festa handi honen teloia. Ordutik hona? Bada ehun film baino gehiago, jendea batetik bestera, musukoak, gel hidroalkoholikoa, talentua eta arimarentzat elikagai den arte honi bultzada berri bat emateko gogo handia.

2020 ez da historia liburuetara urte alai bezala igaroko. Normaltasun berriak inork atsegin ez duen kolore grisez kutsatu du bizitza, eta nire urteak, aitortzen dut, Zinemaldiaren beharra zuen. Istorio berrien beharra, hango lankide eta lagunak ikusteko beharra... azken hilabeteetako grisak pantaila handiaren koloreak behar zituen. Eta bat-batean, pandemiak Cannesgo zinema jaialdia bertan behera laga ostean, Donostiakoa kolokan ikusi genuen. Baina Rebordinosen taldeak inoiz baino lan eta esfortzu handiagoa egin du, eta esfortzu horren saria izan da 68. Donostia Zinemaldi hau egia bihurtzea. 

Aurtengoa berezia bezain beharrezkoa zela esaten hasi nuen Zinemaldia, eta teloia jaitsi bezain pronto konturatu naiz ilusioa aipatzea ahaztu nuela. Zinemaldiak zinea bera den talde ariketa indartzen du, pantailaren bi aldeak Donostian elkartzen ditu, eta zinemazale ugariren ilusioa elikatzen du. Egia da aurtengoa edizio hotzagoa izan dela. Lagunak keinuz agurtu ditut, izarrak isiltasunean iritsi dira Maria Cristina Hotelera eta alfonbra gorriak basamortu itxura zuten. Baina aurtengoa inoiz baino garrantzitsuagoa izan da. Batetik lehen orrietatik atera dugulako koronabirusa, eta bestetik, jendeak aretoen beharra zuelako. Ilusio beharra.

Egia da martxotik hona streaming plataformatan ehunka telesail, film, dokumental... irentsi ditugula, baina egia da baita ere pantaila handiaren magia ezin duela txikiak ordezkatu. Cannesgo zinemaldiko zuzendariak esandako hitzak nire egingo ditut: "zinema ez da sekula hilko". Ez zinea ezta artea ere, gizakiaren baitan baitago sormena.  

Beldurra izatea zilegi da, baina beldurrak ezin gaitu geratu, munduak biratzen segitzen du-eta. Kultura segurua da, kulturak emozioa soilik kutsatzen du, eta guztion beharra duen sektorea da hau. Horregatik irten gaitezen kalera eta goza dezagun zinemaz, arteaz, lagunez...goza dezagun bizitzaz. Azken hamar egun hauek bereziak izan dira eta nekatuta egon arren, orain konturatu naiz 355 egun baino ez direla falta 69. Donostia Zinemaldirako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak