Agustin Diaz Yanes zinemagile madrildarraren eskutik saria jaso du saria Viggo Mortensenek. Argazkien ostean, eta Asier Illarramendik emandako bi elastikoak gainean zituela, hasi du bere hitzaldia. Lehen hitzak euskaraz egin ditu Mortensenek, eta gertukoez mintazu da: "pertsonalki, eskertuta nago aitortzagatik, zoriontsu egiten nau, ni, nire familia, nire lagunak".
Oso hunkituta zegoela nabari zen eta Donostia sariaren garrantzia azpimarratu gura izan du: "Sari honek zinemaren historiaren parte kontsideratzen nau, eta horrek egiten nau oso zoriontsu”. Sariak lan egiten jarraitzeko "kemena" eman diola adierazi du Mortensenek.
Aktoreak egungo egoerari buruzko "gogoeta" batekin amaitu nahi izan du hitzaldia. Era batera edo bestera, Covid-19ak denok "izorratu gaituela" esan du. Bere eskertza euskaraz amaitu du: "Eskerrik asko, gora Donostiako Zinemaldia!".
Sari banaketa amaitu ostean, zuzendari bezala egin duen lehen lana, Falling filma, eman dute Kursaalean.
Ikono bihurtu den aktorea
Urteetan isilpeko lan bikaina egin ostean, Peter Jackson zuzendariak aktore izatetik ikono bihurtu duen papera eskaini zion. Ikusleen aldetik arrakasta handia izan zuen El señor de los anillos (2001-2003) trilogian Aragorn izan baitzen. Mundu mailako fama eman zion paper honek eta ikuslegoak bapatean Viggo Mortensenen talentuaz jabetu zen.
Aktoreak gerora ere ez zuen ezpata baztertu, eta 2006. urtean Espainiaren Urrezko Mendeko kapitain ausart bat izan zen Agustín Díaz Yanes-en Alatriste superprodukzioan.
Ibilibide oparoa
Hastapenetan genero-zinema landu zuen eta zenbait sekuelatan agertu zen, baina laster lortu zuen bere lehen paper-protagonista. Mortensenen kaliteaz bizkor konturatu zen Sean Penn eta zuzendari bezala egindako lehen filmean, The Indian Runner (1991) Penn-ek Viggo aukeratu zuen protagonista gisa. 90.hamarraldian, besteak beste, Brian de Palma, Ridley Scott edo Gus Van Sant bezalako zuzendarien aginduetara egin du lan aktoreak.
Mortensenek ez ditu inoiz film txikiak baztertu eta ahalik eta proiektu interesgarrienak aukeratzen saiatu da.
XXI. mendean iritsi zaizkio bere paper garrantzitsuenak, eta El señor de los anillos-ek emandako ospeari jaramon handirik egin gabe, Holliwooed-eko arinkeriatik urrundu eta kalitatezko filmak aukeratzen segitu du. Horren adierazle dira Promesas del Este, Captain Fantastic eta Green Book filmeetan egindako lanagatik lortutako oscar sarietarako hiru izendapenak.
Pelikulen interpretazioa, idazketa, ekoizpena eta zuzendaritza ez ezik, Mortensenek, bestelako arteak ere lantzen ditu, hala nola pintura, musika, argazkigintza eta literatura. Idazkera kritikoan eta poesian espezializatuta dagoen Perceval Press argitaletxe independentearen sortzailea ere bada.