Oroitzearen indarra

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2020ko ira. 20a, 18:35

Johnny Depp aktorearen argazkia saioa. (Argazkia: SSIFF)

Iragana errepasatzeak nostalgia puntu bat izateaz gain, gauzak era samurrago batean gogoratzeko aukera ematen du. François Ozonek lehen amodioaren samurtasuna gerturatu digu Sail Ofizialera, eta Johnny Depp-ek aldiz, Shane MacGowan musikariaren figura landu du lehiaketa ofizialaren parte den dokumental bakarrean.

The Pogues taldearen arima eta abeslari izandako Shane MacGowanen gaineko dokumentala da Crock of Gold. Artistaren 60. urbetetzearen harira, Julian Templek The Pogues taldearen ibilbideari errepaso ederra egin dio. Hasiera batean musikazale amorratuei zuzendutako pelikula bat izango dela pentsatu arren, ez da horrela. Talde irlandarraren doinuak politikaz, adikzioez eta orokorrean bizitzaz hitz egiteko aukera eman diote Templeri.

Film honetako izarra baina bere ekoizlea izan da, Johnny Depp. Hori bai, izarrak ez ditu 24 ordu ere eman Zinemaldian eta eguna kazetarien artean eman du. Goizeko prentsaurrekoan argi laga du The Pogues taldearen zale izan dela beti, eta bere ustez, MacGowan "garai guzietako poetarik handiena" dela azaldu du aktoreak. Goizeko sorpresa baina beste bat izan da, prentsaurreko berean, Depp-ek txakolinarekin "obsesionatuta" dagoela onartu baitu.

Lehen pasioaren magia

1985. urtea, uda, beroa eta txiripak bi gazte elkartzen ditu. Alex eta Davidek, bizkorregi agian, laguntasunetik maitasunera egingo dute salto. Lehen amodioaren grinak bultzatuta edozer egiteko gai direla pentsatuko dute, baina ez dute harreman hori modu berean biziko. François Ozon zuzendariak sentimentu zurrunbilo batean sartuko du ikuslea Verano del 85 pelikularekin, eta orain arte gutxitan landutako bideetatik eroango du ikuslea.

Benjamin Voisin aktoreak aurkeztu du 'Verano del 85'.

Filmak oso harrera ona izan du Donostian, eta askok palmares ofizialaren sailkapenaren lehen postuetan jarri dute. Horrez gain, Luca Guadagnino epaimahai ofizialaren burua dela azpimarratu daiteke, zuzendari italiarrak duela hiru urte Call me by your name pelikula egin baitzuen, eta bi lanen artean dagoen antzekotasuna kontuan izanda... akaso Ozon koarentena pasa ostean Donostian ikusteko aukera izango dugu. (Ez litzateke bere lehen maskorra izango) Batek daki!

Gertuko musikari errepasoa

Natxo Leuzak gaur erakutsiko du bere azken lana, El Drogas. Dokumentalak Euskal Herriko musikagintzan eta gazteleraz kantatutako rockaren historian ezinbesteko figura den Enrique Villareal txantrearraren figura biluzten du. 

80 minutuko ikus-entzunezkoa protagonistaren adierazpenez, artxiboko irudiez, eta beste musikari batzuei egindako elkarrizketez osatua dago. Besteak beste Rosendo, Fito, Christina Rosenvinge, Carlos Tarque, Kutxi Romero edo Gorka Urbizuk El Drogasen bizitzaren eta musikagintzaren inguruan hitz egiten digute. Dokumentala El Drogas musikarian zentratu arren, Barrikadak eta bandaren banaketak betetzen ditu filmaren minutu asko. Horrez gain, bestelako gaiak ere jorratzen dira, drogak, 80. hamarkadako borroka giroa...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak