'Akelarre': kondairaren zama

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2020ko ira. 20a, 00:54
'Akelarre' filmeko taldea Kursaaleko alfonbra gorrian.

Zinemaldiaren lehiaketa zabaltzea tokatu zaio Akelarre-ri. Pablo Agüeroren filmak buelta bat eman dio belaunalditan kontatu izan dizkiguten kondaira eta mitoei: eta sorginak aske izan nahi izan zuten emakumeak baino ez balira izan? Erantzuna filmean dago. 

Akelarre ez da egunetik gauera sortu den proiektua. Pablo Agüerok duela 12 urte ekin zion proiektu honi Jule Michelet historialari frantsesaren La Sorcière irakurri eta gero. "Emakumeek pairatu behar izan zuten jazarpen mota hau mundu mailako fenomeno bat izan zen, baina Euskal Herrian bereziki gupidagabea izan zen" azaldu du filmaren zuzendariak.

Behin filma ikusi ostean jendeak erraz antzemango du sorginen kondaira feminismoaz, askatasunaz eta beldurraz hitz egiteko oina baino ez dela.

Sorginak baino gehiago

Akelarre-k kondairetatik eta mitoetatik edan arren, betiko klixeak apurtzea izan da bere berrikuntza indartsuena. Horrela, sorginak botere monarkiko, patriarkal eta klerikalak jazarritako emakume errebelde gisa erakusten ditu, eta hori da filmaren errebelazio nagusia.

Arabiar eta juduekin nahaspila sortzeko helburuarekin, garaiko kronistek jarri zieten sudur konkorra ustezko sorginei, eta ezaugarri hori XXI. mendera arte iritsi den mito horietako bat da. Baina Akelarre-ko sorginak oso bestelakoak dira: "emakume askeak baino ez ziren" azaldu du Amaia Aberasturi aktoreak. Filmean, gainera, gaztetxoak ahaldundu egiten dira eta beraien edertasuna eta askatasuna aprobetxatzen dute gizonen libidoa piztu eta hauek asaldatzeko. Akelarre-ko sorginak ez dira sendagileak, askeak dira, eta horrek eroango ditu inkisizioaren aurrera.  

Zuzendariaren helburua pantaila handitik harago doa. Agüerok film honekin mendeetan kontatu diren istorioekin apurtu nahi du, eta une honetatik aurrera emakumeen historiari beste perspektiba bat eman.

Sariak urrun

Esan bezala, Zinemaldiaren lehiaketa hasi besterik ez da egin, eta oraindik goizegi izan arren kiniela kontuetan sartzeko, kazetari eta kritikarien ustez Akelarre palmaresetik kanpo egongo da. Dena den, honaino iristea ere ez da erronka makala izan. Eta saririk gabe geratzekotan ere, euskal filma Yune Nogueirasekin eta Lorea Ibarrarekin batera, beste euskal talentu berriak ezagutzeko aitzakia ezin hobea izan da. Izan ere, ziur nago idazten ari naizen artikulu hau ez dela izango aktore gazte hauen izenak aipatzen dituen azkena. Eta bidea ez da erraza izango, baina euren talentua medio, gazte hauena ibilbide luzea izango dela esateko ez da sorgina izan behar.

Agüeroren kasua ere ez da oso bestelakoa. 2015. urtean ere lehiaketa ofizialaren parte izan zen Eva no duerme filmari esker, eta Cannesen nahiz Zinemaldian lehiatu ostean, zuzendari argentinar honen etorkizuna kameren atzean dagoela gauza ziurra da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak