Inaugurazio galaren ardatza zinema-aretoetara bueltatzeko premia izan da. José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak berretsi egin du Donostiak zinemaren industriarekin duen "konpromisoa", sinetsita baitago "zinema- jaialdiak, topagune eta bizipenak elkarrekin partekatzeko tokiak diren aldetik, beharrezkoak" direla. Halaber, "filmak zinema-aretoetan zuzenean ematearen aldeko apustu argi eta garbia" azaldu du bere ustez, "filmak ikusteko tokirik onenak baitira".
Gero, Luca Guadagnino zinemagileak hartu du hitza. Bera da epaimahaiko burua, eta Epaimahai Ofizialeko gainerako kideek lagunduta agertu da: Joe Alwyn, Marisa Fernández Armenteros, Michel Franco eta Lena Mossum. Guadagninoren arabera, elkarrengandik bereizita eta bakartuta egotera behartu gaituzten urte honetan, zer hoberik zinemaren "esperientzia kolektibo eta partekatzailea" ospatzea baino; haren hitzetan, zinemak "gure iruditeria argitu behar du, ikuskari ausart, kritiko eta konplexurik gabeekin".
Cayetana Guillén Cuervok, Miren Gaztañagak, Inma Cuevasek eta Eneko Sagardoyk bete dituzte aurkezpen-lanak, eta saioan loreak non-nahi zeuden Zinemaldiaren kartelean Willem Dafoek duenari keinu bat eginez. Jon Maya eta Harkaitz Canok sortutako ekitaldian, musika eta dantza ikuskizunek tartea izan dute.
Amodioa Donostian
Woody Allen ez da bere konfort gunetik irten Rikfin's Festival pelikulan eta bere ohiko gaiei buruz hitz egitera mugatu da. Zinemaldira datorren bikote estatubatuar baten nondik norakoak dira filmaren ardatza, baina Donostia dekoratu gisa erabiltzen duen lan hau ez da hor geratzen.
New York-eko zuzendariak maite dituen zinemarekiko omenaldiz josita dago filma. Protagonistaren ametseetan Luis Buñuel, Orson Welles, Truffauten edo Bergmanen filmografietara eroango du ikuslea. Zoritxarrez baina, Rikfin's Festival, entretenigarria den arren, ez da Allen-en film onenen zerrendan egongo.