Bi aktore debagoiendar Urrezko Maskorra lortzeko bidean

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2020ko uzt. 30a, 11:09

Lorea Ibarra eta Yune Nogueiras aktore gazteen lehen pelikula, Akelarre, 68. Donostia Zinemaldiaren lehiaketa ofizialean egongo da. Filmak Pablo Agüero argentinarra du zuzendari, eta Euskal Herrian sorgintzat hartuak eta jazarriak izan ziren emakumeen historia kontatzen du.

"Hau pasada bat da, ez nuen horrelakorik espero". Horrela laburbildu du Lorea Ibarra arrasatearrak une honetan bizitzen ari dena. Yune Nogueiras bergararra ere antzera dago: "Aho zabalik geratu naiz". Eta ez da gutxiagorako, izan ere, pantaila handirako egin duten lehen lana Donostia Zinemaldiaren Sail ofizialean egongo baita. "Sorpresaz hartu dut albistea, eta oraindik sinetsi ezinik nago", azaldu du Nogueirasek, telefonoa sutan duela. Filmeko lankideez gain, ingurukoen zorion dei eta Whatsapp mezu uholdean murgilduta dago Ibarra. Aktore gazteak, albistea jaso zuenetik, pauso honen garrantzia ulertzen dihardu, "aitortza moduko bat". Noguerasek Zinemaldia urrun ikusten du, baina gauza bat argi dauka: "Egun horietan disfrutatzea da nire helburua".

Lehen pausoak

2018an probatzeko asmoz casting batera joan zenetik, bere etorkizunaren norabidea markatu duen proiektua da hau Ibarrarentzat. Aktore gisa egin duen lehen lan honek poztasuna baino ez dio ekarri. "Castinga egin nuenean ez nuen amestu ere egiten gero etorriko zena eta prozesua gogorra izan da, baina guztia berriro errepikatuko nuke, balantzea oso positiboa baita", azaldu du. Nogueirasen kasua desberdina da; oholtzan eskarmentu handiko neska da "antzerkian guztia hemen eta orain da, zinea aldiz beste mundu bat da".

Lorea Ibarra (ezkerretik lehenengoa) eta Yune Nogueiras (ezkerretik azkena).

Sorgin ehiza ardatz

Akelarre XVII. mendean girotutako filma da, eta sorgintzat hartu zituzten emakume gazte batzuen eta beren aurka egin zen epaiketaren istorioa kontatzen du. Sei emakumeren arteko laguntasuna, eta erdian Amaia, protagonista, askatasunaren alde borrokatuko dena. Ibarra arrasatearra Oneka da, Amaiaren lagunetako bat; Nogueirasek aldiz Maria gorpuztuko du, protagonistaren ahizpa. Festa batetik bueltan, Bordeleko epaile batek lagun taldeari leporatuko dio sorgin izatea eta salatuko egingo ditu. Seiak, auzipetuak, beren burua salbatu nahian arituko dira film osoan.

Pablo Agüero zuzendariak duela hamar bat urte ezagutu zuen Euskal Herrian gertaturiko sorgin ehiza, eta azken urteak pelikulan kontatzen den istorioa prestatzen eman ditu. "Batik bat asmazio eta zurrumurruek eragindako errepresioak ekarritako guztiak hunkitu ninduen", adierazi du Agüerok. Filmak duela lau mende izandako gertakariak kontatu arren, egun zenbait pertsonak bizi duten jazarpenarekin aise alderatu daiteke. Ikusi dutenek diotenez, Akelarre-ri ez zaio gaurkotasunik falta.

Sekretupean eroandako proiektua

Apenas zabaldu dira Akelarre-ri buruzko irudiak, baina proiektuaren atzean dauden izenak ikusita, kalitatezko lana izango dela aurreratu daiteke. Abentura honen arduradunetako bat, esate baterako, Koldo Zuazua da. Ekoizle donostiarraren lanek zeresan handia eman dute, eta Julio Medem zuzendariaren La pelota vasca edo Caotica Ana filmak kudeatzeaz gain, Ocho apellidos vascos eta Zipi y Zape y el club de la canica arrakasten erantzulea ere bada. Berak konbentzitu zuen, hain zuzen ere, Pablo Agüero, pelikula egin zezan.

Zuzendari argentinarra, bere aldetik, 2006an egin zen ezagun Primera nieve film laburrarekin (Lehen elurra), eta hainbat sari jaso zituen Eva no duerme eta Madres de los dioses film luzeekin. Bere herrialdean proiektu ugari garatu ditu, baina oraingoan Euskal Herria hautatu du, XVII. mendeko gertakari bat kontatzeko.

Pantaila handian baina, Amaia Aberasturi eta Álex Brendemühl dira protagonistak. Bizkaitarrak Vitoria 3 de marzo, Umezurtzak eta Zigortzaileak filmeetan egin du lan, eta Aberasturi ere ez da hasiberria. Hala ere, dudarik gabe Brendemühl da eskarmentu handien duen aktorea. Akelarre-n aritu aurretik El Bosque edo 53 días de invierno filmetan azaldu da, eta bere ibilbide luzean zehar, besteak batzuen artean, Cesce Gay edo Jaime Rosalesen zuzendaritzapean egin du lan.

Filmaketa konplexua

Pasa den urteko maiatzean, Lagako hondartzan filmaketa hasi zenean, estreinaldiak, zinemaldiak, alfonbra gorriak… urrun zeuden, baina Agüero buru duen taldeak gogotsu ekin zion drama historiko hau sortzeari. Lehen egun horren ostean zazpi astez Euskal Herriko zenbait txokotara iritsi zen grabazioa.
Helmuga ez zen erraza, eta Nogueirasendako prozesu ikaragarria izan da: "Energia neurtu beharra daukazu, grabazioak ordu asko dira eta egunero maila berean egotea beharrezkoa da". Zarautz, Sara, Lesaka, Urbasa… eta beste hainbat kokalekutan grabatu ostean, eta urriaren 2an zinema aretoetara iritsi aurretik, bere hurrengo geltokia Donostiako Kursaal aretoa izango da.

Maila altuko lehiaketa

COVID-19ak zinea ere baldintzatu du, eta horregatik, aurtengo lehiaketa ofiziala berezia izango da. Akelarre-k lehiakide gogorrak izango ditu Urrezko Maskorra lortzeko norgehiagokan. Duela aste batzuk Cannesko zinema jaialdiak aukeratutako hainbat pelikularen izenburuak eman ziren jakitera. Donostia Zinemaldiaren Sail ofizialean Sharunas Bartas, Naomi Kawase, François Ozon eta Thomas Vinterberg zinemagile ospetsuen lanek hartuko dute parte.

Horiek baina ez dira lehiakide bakarrak izango, Agüeroren lanak Antonio Mendez Esparzaren Courtoom 3H (Sala del Juzgado 3H) ere izango baitu bidelagun Urrezko Maskorra lortzeko bidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak