Arregi, Garaño eta Goenaga zuzendariek konfort gunerik atera dituen La trinchera infinita filma aurkeztu dute Sail Ofizialean. Gerraren ostean ezkutatzen den "sator" baten bizitza osoa irudikatu dute pelikula zehatz eta hunkigarri batean. Istorioaren muina maitasun istorio bat izan arren, zuzendariek argitu dute kontakizuna "beldurraren alegoria bat" dela.
Filmaren izenburua ez da zoriz aukeratua izan, izan ere Garañok azaldu duenez "Denok gara zerbaiten beldur: urratsa ematearen, lana uztearen, armairutik irtetearen beldur". Hala ere, filmak, bere gogortasunean, une oro argi izpi txiki bat dauka, esperantzarena hain zuzen ere. Arregik zehaztu duenez, zuzendariek "iraganaren eta orainaren arteko elkarrizketa bat" sortu nahi izan dute, ikusleak argi antzeman dezan egun arropak aldatu arren, "gizakiaren kezkak berberak direla".
Lan izugarria
Belen Cuesta eta Antonio de la Torre aktoreen lana izugarria izan da. Biak xehetasunik txikiena errespetatzen saiatu dira, "azentua, esamoldeak, garaiko tresnen hitzak… guztia zaindu dugu" azaldu du Cuestak. Baina Malagako aktoreak ez du soilik teknikaz hitz egin. Izan ere, Cuestarentzat lan berezia izan da hau, bere bizitzako paperik garrantzitsuenetarikoa. "Zintzotasuna eta egia nahi genituen, oinarrizkoak direlako istorioa kontatzeko", gehitu du Cuestak. De la Torrek, bere aldetik, egiantzekotasunaren garrantzia nabarmendu du, "inguruko aholkulariak" bilatu baitzituzten Higinioren istorioa ahalik eta benetakoena izan zedin.
Zentzu horretan, zuzendariek ere lan izugarria egin dute. Filmazioa bi zatitan banatu behar izan zuten, kokalekugatik eta De la Torreri 15 kilo irabazteko denbora emateko. Horrez gain, grabazio egunetan ere txandakatu egin dira. "Aurre eta ondorengo produkzio zatian aldiz, hirurek batera egin dugu lan" argitu dute prentsaurrekoan.
Non dago muga?
Lucio moriartitarren lehen jostailua izan zen, Loreak-ekin nerabezarora iritsi ziren, Handia-k koskortu zituen eta... La trinchera infinita pelikularekin zer? Badirudi Arregi, Goenaga eta Garañok gidatzen duten taldea heldu egin dela. Teknikaren bikaintasuna alde batera utzita, pelikula produktu borobila da, eta horren adibide dugu isiluneen erabilera, film honetan isiltasunak berak ere zentzua baitauka: klaustrofobia ez da Higinioren zulora mugatzen, eta beldurra ikusi eta usaindu ere egiten da.
Pelikularen metrajeak eztabaida ugari sortu ditu, baina 147 minutu horiek Rosa eta Higioren azalean jartzera bultzatzen du ikuslea. Musikak, efektuek, aktoreek… guztiek lubaki bat zabaldu dute euren bihotzean, ikusleekin arimaren zati bat elkarbanatzeko.
Ziur jendea azken film honekin liluratuta geratuko dela, baina artikulu hau sinatzen duenaren ustez, hiru zinemagile hauen miraria beste bat da: hirurek Lucio filma egin zuten haur haien begirada kuriosoa mantentzeaz gain, amaigabea dirudien talentua xumetasunez handitu dute.
Ez dakigu La trinchera infinita-k zelako ibilbidea izango duen, momentuz, Donostian, infinitua den bakarra lerro hauetan aipatutako guztien talentua da.