"Saria baino garrantzitsuagoa da jendearengana iristea gure filmak"

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2019ko ira. 20a, 13:14

Aitor Arregi eta Asier Altuna, 'La trinchera infinita' eta 'Agur, Etxebeste!' zuzendariak, Donostian.

67. Donostia Zinemaldia hasiko da gaur, eta, irailaren 28a bitartean, askotariko 205 film erakutsiko dituzte; horien artean, Debagoieneko sortzaileen hiru film luze daude: Asier Altuna bergararrak Telmo Esnalekin batera zuzendu duen Agur, Etxebeste!, Aitor Arregi oñatiarrak Jon Garañorekin eta Jose Mari Goenagarekin zuzendu duen La trinchera infinita, eta Iban Del Campo arrasatearraren Glittering Misfits. 

Handiak jaialdiko epaimahaiaren sari berezia eskuratu eta bi urtera, Aitor Arregi bueltan da, La trinchera infinita filmarekin, historia erakutsi eta egiteko asmoz. Arregi eta Asier Altuna batu ditu GOIENAk, Aupa Etxebeste! film arrakastatsuaren sortzaileetako bat; epaimahai gaztearen saria lortu ondoren, etxebestetarrei bigarren bizitza bat eman die azken horrek Agur, Etxebeste! filmean. Bi sortzaile, bi istorio, hamaika pasadizo eta estreinatzeke dauden bi filmen milaka amaiera posible.

Zer da Zinemaldia?

Aitor Arregi: Munduko zinemaldi garrantzitsuenetako bat da, eta guretzat, funtsezkoa da. Aurreko lanetan estrategikoa izan da, eta hemen hasi dugu gure pelikulen lasterketa. Gure filmak ez dira handiak eta horrelako zinema-jaialdi bat etxean izatea luxua da. Jende asko etortzen da eta hemen erlazio oparoak egin ditugu.

Euskaldunak kontziente gara Zinemaldiak duen garrantziaz?

Asier Altuna: Nik baietz uste dut. Zinemaldia beti goraka joan da eta A+ maila horrek oihartzun handiagoa izaten laguntzen dio.

Beti esan ohi da euskal zinemaren egoera ez dela ona. Zer falta du industriak?

Arregi: Nire ustez, egoera ez da horren txarra. Egia da hobeto egon gintezkeela, baina tira… Sortzaileek, ekoizleek, erakundeek… zinemagintza hauspotzea lortu dute. Lehen mugarria Aupa Etxebeste! izan zen, eta hortik aurrera film ugari etorri dira, oso desberdinak elkarren artean, eta horrek sektorea indartu du. Ikuslea ere ongi egina dagoen gauza bat ikustera ohitu da eta jendea ez da militantzia hutsagatik joaten zinemara.

Eta jendeak badaki zenbat lan egin duzuen euskal zinemaren alde?

Altuna: Sekula ez dugu konplexurik izan eta gure helburua zinema ona egitea izan da, eta egun, bide berean jarraitzen dugu. Egoera aldatu egin da, teknikari familia potentea izatea lortu dugu eta pelikula bakoitzarekin pauso bat gehiago ematen dugu. Ibilbide horretan, Handia aipatuko nuke; duela urte batzuk, pentsaezina zen horrelako aurrekontu eta efektuak izan zituen film bat egitea. Film bakoitzak ate berri bat zabaltzen du eta gazteak ere indartsu datoz. Lan egiten dugun heinean, film berriak eta arrakastatsuak egingo ditugu.

Jaialdia profesional ala ikusle bezala ezagutu duzue?

Altuna: Ikusle moduan ezagutu nuen Zinemaldia, Andoaingo zinema eskolan nengoela etortzen nintzen. Zinema asko ikusitakoa naiz eta Zinemaldiak film zaharrez edo areto komertzialetara iritsiko ez diren filmez gozatzeko aukera eman dit.

Gaur egun, Zinemaldiaz gozatzeko aukerarik izaten duzue?

Arregi: Jende asko aste pare bat lehenago guztia antolatzen hasten da, baina nik ez dut horrelakorik egiten, sorpresarekin jolastea gustatzen zait. Nire ustez, Zinemaldia da film batek aho zabalik utziko zaituen toki bakarrenetako bat.

Mitorik ezagutu duzue hemen?

Altuna: Holako gauza kuriosoak gertatzen dira. Polita da horrelako gauzak era naturalean bizitzea, ondoko mahai batean aktore ezagun bat izatea…

ASIER ALTUNA, ZINEGILEA: "SEKULA EZ DUGU KONPLEXURIK IZAN ETA GURE HELBURUA ZINE ONA EGITEA DA" 

Duela bi urte jaialdian izandako arrakastak lagundu ala presioa jartzen dizue?

Arregi: Zinemaldia ezagutzen dugu, eta horrek lagundu egiten du. Egia da oraindik ez dakigula filmak zein harrera izango duen eta bizirik ala indartuta irtengo den, baina, momentuz, lasai gaude. Badakit estreinaldi eguna gerturatzen den heinean urduriago egongo naizela, baina, momentuz, animoso eta ilusionatuta nago. Aurten ere estreinaldian Zinemaldia hankaz gora jartzeko prest? Altuna: Ez dut gai hori lantzeko astirik izan, baina filma asteartean estreinatzen da, eta ostiralean areto guztietan egongo dela kontuan izanda… Nik uste dut zarata handia ateratzea komeni zaigula. Dena den, gure helburua jendearengana iristea eta ikusleek filmarekin ongi pasatzea da.

Zer dute etxebestetarrek istorioari bigarren zati bat egiteko?

Altuna: Lehenengo filmak izandako arrakastaren ondorioz etorri da bigarren zati hau. Aupa Etxebeste! estreinatu eta gutxira, ekoizleek bigarren zati bat egiteko eskatu ziguten, baina beste proiektu batzuk garatzeko asmoa genuen. Eta orain, hamalau urte geroago, istorioa berreskuratu dugu Telmo eta biok. Erronka polita izan da eta gidoia idazteko orduan asko gozatu dugu.

Bigarrenarekin, presio handia izan duzue?

Altuna: Apustua pelikula ona egitea zen, eta bai, presio apur bat izan dugu. Baina prozesuaz asko gozatu dugu eta urteekin hartutako esperientziak asko lagundu digu. Istorioarekin asmatzea izan da konplexuena, uste baino gehiago kosta zitzaigun hori.

Hamalau urte hauetan, zenbat gauza aldatu dira etxebestetarrenean?

Altuna: Sakonean, ezer ez. Eurek berdin jarraitzen dute, betiko maniekin eta ezaugarriekin. Urteak pasatu arren, gauzak ez dira beti horrenbeste aldatzen.

Nolakoa izan da Antonio de la Torre eta Belen Cuestarekin lan egitea?

Arregi: Biak goi-mailako aktoreak dira, eta, aldi berean, oso ezberdinak. Aktore horiek aukeratu izana filmarendako oso ona izan dela uste dut, eta nik, era berean, asko ikasi dut eurekin. Ezberdinak dira, baina, oso: Antonio oso sentikorra da, eta barrutik atera behar diozu guztia. Belen, aldiz, beste eskola batekoa da, etxetik lanak eginda ekartzea atsegin du. Biek perfekzioa zuten helburu, eta filmean bikain azaltzen dira.

Eta hiru zuzendari izatea?

Arregi: Kanpotik ikusita, oso zaila izango dela ematen du, baina gure lan egiteko era da hori. Handia filmean, Jon eta biok ginen zuzendari, baina Jose Mari oso presente egon zen. Loreak-en ere antzerako zerbait egin genuen. Filma bik edo hiruk sinatu arren, lana talde guztiaren artean egiten dugu; hortaz, ez da salto handia izan. Errodajea bi zatitan egin genuen, eta lehenengoan Jose Mari eta biok geunden set-ean eta Jon editatzen, eta bigarren zatian, Jonek eta biok lana tru katu genuen. Nekatuta bukatu dugun arren, emaitzarekin pozik gaude.

Espainiako gerra askotan landu izan da; zein da La trinchera infinita-k ekarriko duen berritasuna?

Arregi: Kontakizuna gerra zibilean hasten da, baina istorioa 33 urte geroago bukatzen da. La trinchera infinita-n gerraostea, diktadura… gauza asko jorratzen dira, eta horrek ezberdintzen gaitu. Dena den, gerra zibila oso anitza da eta bertan mila istorio daude; momentuz, azala baino ez da erakutsi. Gainera, ez da horrenbestetan jorratu, eta ziur nago "gerra zibila berriro" bezalako komentarioak egiten dituztenak ez direla zinera as - kotan gerturatzen. Bigarren mundu gerrari buruz film gehiago egin izan dira eta ez du inork ezer esaten.

AITOR ARREGI, ZINEGILEA: "AURREKO LANETAN ESTRATEGIKOA IZAN DA ZINEMALDIA GURETZAKO"

Politika dagoen moduan ikusita, zuen gidoia luze edo motz geratu dela uste duzu?

Altuna: Politika gauza bat da eta pelikula beste bat. Guk barre egiten diogu gure buruari, herriek aldaketei dieten beldurrei… Aurreko filmean bezala, Agur, Etxebeste! filmak gure herria islatzen du.

Zein zinema generotan moldatzen zara ondoen?

Altuna: Proiektu bakoitza erronka bat da, eta istorio bat sortzea beti da polita, nire ustez. Peli - kula serio edo poetikoetan ho - beto pasatzen dut nik, prozesu guztian askatasun handiagoa izaten dudalako.

Zinemaldiko sail ezberdinetan egon arren, Irizar saria lortzeko lehian zaudete biak. Arerio ala lagun?

Arregi: Lagunak. Bi filmak toki berean editatu ditugu, metro gutxira eta garai berean. Bizipen  polita izan dugu prozesu horretan.

Altuna: Arerioak? Ezer gutxi dugu egiteko! [Barreak] Lehia hor dago, baina ez diogu kasu handirik egiten. Garrantzitsuena da pelikulak jendearengana iristea eta hemendik indartuta irtetea.

Ikusi duzue bestearen lana?

Altuna: Muntaketa ia talde berarekin eta toki berean egiten geundela kontuan izanda, batak bestearen filma ikusteko geratu ginen, baina ez da hala gertatu.

Arregi: Eta Zinemaldia bertan zegoela kontuan izanda, ordurako utzi dugu hitzordua.

Eta Zinemaldiaren ostean zer?

Arregi: Ikusi beharko dugu nola irteten den filma, indartuta edo egurtuta. Estreinaldira begira egongo gara gero, filma urriaren 31n egongo da-eta areto komertzialetan. Ondoren, beste zinemaldi batzuetan erakutsiko dugu, eta, telebista eskubideengatik, bere ibilbidea aurreko filmarena baino motzagoa izango da, baina diru hori beharrezkoa izan da La trinchera infinita egin ahal izateko.

Altuna: Agur, Etxebeste!-ren helburua publikoa erakartzea; izan ere, datorren egubakoitzean, zinema areto komertzialetan egongo da. Horren aurretik, eguaztenean, Bergaran izango gara Telmo eta biok filma aurkezteko. Hortik aurrera? Ba, jendeak filma gustuko izatea eta, lehen filmarekin gertatu zen bezala, honek ere ibilbide oparoa izatea nahiko nuke.

Hasi zarete hurrengo proiektuan pentsatzen?

Arregi: Poliki joateko asmoa dugu. Lau urtez gelditu gabe aritu gara, Handia eta La trinchera infinita jarraian egin ditugu. Egia da mahai gainean proiektu batzuk ditugula, eta horietako bat nahiko garatua dagoela, baina, oraingoz, ez dugu ezer finkorik zehaztuta. Altuna: Pentsatzen baino gehiago, lanean nabil. Arzaki buruzko pelikula bat bukatzen ari naiz. Horrez gain, Karmele izeneko fikziozko proiektu batekin ere banabil, Kirmen Uriberen azken eleberrian oinarrituta dagoena.

Iban del Campo zinegilea.

Iban Del Campok, New Yorkeko neo-burleskoaren alde guztiak

Glittering Misfits Iban del Camporen lehen film luzea da. "Aurreko lanak ez zidan gaia behar bezala lantzen utzi", kontatu du zuzendariak. Duela hamar urte, New Yorkeko kabaret artista performer-ekin Dirty Martini dokumental laburrean zirriborratutako gaia sakonago lantzeko aukera izan du, dokumental luzean.

Bigarren lan honetan, 90eko hamarkadan New Yorken eztanda egin zuen burleskoa da protagonista.

'B aldea', argitara

Broadwayko fokuetatik at dagoen zirkuitu hau erakustea "lan izugarria" izan dela aitortu du arrasatearrak. New Yorkeko off-off night club eta kabaretak esploratzeko bidaia korapilatsuan, Glittering Misfits ez da azalean geratu eta eguneroko intimitate eta borrokak argi azaltzen ditu. 20 urte bete dituen neo-burlesko fenomenoaren figurak, erreferenteak eta errealitatea ulertzeko lana da.

Estreinaldia, domekan Arrasatearrak domekan erakutsiko du estreinakoz bere lana. Principe zineman, 20:45ean. "Filmak Euskal Herrian eta nazioartean harrera ona izatea espero dut", aitortu du. Zinemaldia pelikula honen lehen geltokia izango da eta zinemagilearen helburua argia da: "Hurrengo filma askatasun nahikoarekin egiteko tokian jartzea espero dut".

Del Camporen lana Zinemira sailaren parte da; hortaz, Irizar saria lortzeko lehiaketan dago.

Pare bat gomendio

Zinemaldiko izar gehienak Maria Cristina hotelera iristen dira, eta han artista askorekin topo egiteko aukera izaten da.

Arriskatu ezazu! Zinema aretoetara iritsiko ez den harribitxi ezezagun bat aukeratu eta gozatu. Zinemaldiak proiekzioaren egunean film guztien sarreren %10 salgai jartzen ditu; Sansebastianfestival.com atarian eskura daitezke. Gogoan izan saio bakoitzeko, gehienez, lau sarrera eros ditzakeela pertsona bakoitzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak