Petro eta Marquez: eraldaketa

Ustez eta itxuraz ezkertiarrez josita dagoen herrian, gutxieneko zentristen taldekotzat joko nuke nire burua.

Jakin badakit zentrismoak ez duela kartel onik, baina, bizitzaren altura hauetan, ez dut ez naizena erakusteko alferrikako lanik egingo. Eta zentrista bezala zalantza gutxi dut. Berriki Kolonbian izan diren hauteskundeetan, kolonbiarra banintz, Gustavo Petrok eta Francia Marquezek osatzen duten tiketari eman izango niokeen botoa. Txilen Gabriel Borici, Frantzian Emmanuel Macroni eta Estatu Batuetan Joe Bideni eman izango niekeen bezala.

Baina desioak desio, hauteskunde gauean denbora galdu gabe iragarri zuten bezala, uribismoak duen guztia emango du Rodolfo Hernandezek eraldaketari ate guztiak itxi diezazkion. Hitler miresten duen trumpismoaren bertsio kolonbiarrak enegarrenez Kolonbian aldaketa egarria oztopatuko duen trazak atzeman daitezke.

Gure bailararen eta Kolonbiaren artean badira harremanak. Urrutira joan gabe, duela ez asko, bailarako unibertsitate ordezkaritza bat izan zen han, eta bertan dituzten aliantzen esparruan erabat Fico Gutierrez hautagai uribistaren aldeko amorratuak direla ondorioztatu zuten. Beste modu batera esanda, Gustavo Petro eta Francia Marquezen etsai amorratuak dira Kolonbiako bidelagunak. Han eta hemen mundu mailako eskuinak erabiltzen duen errelato klasikoak dioena eraiki dute Petro eta Marquezen inguruan ere, Steve Banonen eskuliburua erabiliz. Ustekabe gutxi, beraz.

Bide batez esanda, Joe Biden erasotzeko Venezuela, Txile, Kolonbia eta Brasilgo muturreko eskuinak darabilen diskurtso bera erabili dute. Stalinen pareko komunista da Petro: Kolonbiatik enpresak uxatuko dituena, pobrezia ekarriko duena, askatasuna suntsituko duena...

Eraldaketaz hitz egin nahi dut gaur. Bailara honetan hitzetik hortzera darabilgu hitza, eta mundura esportatzeko makina bat egitasmoren ardatzean kokatu dugu.

Alabaina, eraldaketa baldin bada Fico Gutierrezen eta Rodolfo Hernandezen ingurukoekin egitasmoak garatzea, ba... bietako bat: eraldaketa beste zerbait da edo zintzotasun gutxi dago horren guztiaren atzean. Arrasate edo Eskoriatzan eraldatzaile edo iraultzaile izatea itxura besterik ez da baldin eta, Kolonbian botere osoa betiko lau-bost familiaren esku jarrai dezan, han ditugun solaskideak Gutierrezen edo Hernandezen bidelagunak badira. Hori ez da eraldaketa. Izan ere, Kolonbiako bake-prozesuari sutsu aurre egin diotenak, milaka aktibista sozial inpunitatez hil dituztenak, militar eta paramilitarren lagunak, Kolonbian dagoen desberdintasunaren erantzuleak... Labur esanda, Kolonbian gauzak inoiz aldatu ez daitezen bidelagunak dira horiek. Munduan ia ez dago kasurik Kolonbian dagoen anakronismoaren parekorik, inoiz ez baitu progresismoak Kolonbia gobernatzeko aukerarik izan. Eta aipatu behar da, baita ere –gutxitan aipatzen baita–, nazismoak bere eragina izan zuela Kolonbian eta, halaber, frankismoak ere bere mirespena lortu zuela han, jarraitzaile ugari bereganatuz.

Bidenabar, abortuaren 24 astera arteko despenalizazioa bera aurten iritsi da Kolonbiara, hain zuzen ere, Estatu Batuetan Auzitegi Gorenak atzera botatzear duenean. Eta hor, abortuaren inguruko eztabaidaz gain, gauza asko daude jokoan, Kolonbian nahiz Estatu Batuetan. Gizaldiz gizaldi giza eskubideen inguruan lortutakoa auzitan jarriz, eraldaketaz ezer jakin nahi ez dutenek lanean dihardute azkeneneko hamarkadetan lortutakoa indargabetu nahian. Memento historikoa bizi dugu eta komeniko litzaiguke zenbait hitzen inguruan zuhurragoak eta koherenteagoak izatea, behingoz.

Eraldaketaz azkeneko aipamena egin nahiko nuke. Kolonbiar adiskide ugari dut Estatu Batuetako eta Europako hainbat unibertsitatetan. Kolonbiako unibertsitate publikoetan ikasiak dira, karrera akademiko izugarria atzetik dutenak eta ikerketetan buru-belarri dabiltzanak. Horietako batzuek lan franko egin behar izan zuten unibertsitate horietan sarbidea lortzeko. Gaur ere halaxe da. Meritokrazia ardatz duen sarbide sistemak arautzen du Kolonbiako unibertsitate publikoaren esparrua. Honen harira, David Segal kazetariari segituz (NYT, maiatzak 14, 2002), gomendagarria da Simon Kuper britainiarraren azkeneko liburua irakurtzea (How a Tiny Caste of Oxford Tories Took Over the UK), non erakusten baitu B. Johnson, D. Cameron. J. Rees-Mogg eta abarrentzat guztia honela laburbiltzen zela: effortless superiority. Saiatua izatea arrunkeria bat zen, nonbait.

Baina orain, munduan indartsu zabaltzen ari den joerarekin batera Kolonbian ere unibertsitate pribatu ugari zabaldu da aspaldian, erakundeen inbertsio funtsak urruti ez daudelarik atzetik. Horietako askotan ez dago meritokraziarik, hor familiaren gaitasun ekonomikoa dago, hor ez da eskatzen ikaslearen bikaintasunik, berdin da ikasle ona edo oso txarra izatea. Unibertsitate berri horietan gizarte burbuilak indartzen dira, meritokraziaren aztarnarik ez duen betiko gizartearen desberdintasunak indartzen dira, Matheu Jackson ekonomialari amerikarrek dioen bezala: Enplegua kontaktuen araberakoa izaten da, eta horrek desberdintasunak betikotzen ditu (El país, martxoak 3, 2022). Ez dago eraldaketarik, ez horixe, meritokrazia arbuiatzen duen hezkuntza sistemaren eskutik.

Hemen hain aurrerakoi agertzen den gizarteak zer dela-eta ditu munduan zehar beste muturrean dauden hainbat erreferentzia? Gurean hainbatek ez luke gustuko hori aitortzea, eroso bizi baitira eurek sortutako imajinarioan. Ezker abertzalearen zenbait jarraitzaile dira Estatu Batuetako euskal diasporan trumpista amorratu, eta zenbat gutxiengoko demokratazale? Galdera hor uzten dut, zabalik. Zintzotasuna da eraldaketarako giltza. Rodolfo Hernandezen balizko garaipenak gurean ere pentsarazi beharko liguke bizitza honetan denera jokatzeak ondorioak ere badituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak