Ukrainako egun ilunetan, Txileko argia

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Galdos Irazabal 2022ko mar. 13a, 00:00

Txileri buruzko zenbait gogoeta partekatzeko tenorean nengoela, Ukrainako danbatekoa etorri zaigu. Luxenburgoko Esch hirian harrapatu ninduen, Europako Kultur Hiriburutzaren irekiera-ekitaldietan. Lituania, Estonia, Finlandia, Polonia, Letonia eta beste herrialde ugariko ordezkariekin egunak igaro nituen. Asko ikasi dut haiengandik. Ikaratuta daude, eta ez da gutxiagorako. Oker gabiltza pentsatzen badugu garai latzak haientzako soilik direla. Guztiok dugu asko jokoan. Eta ardurak ere guztionak dira, gure seme-alaben etorkizuna erabakitzen ari gara eta.

Ohi denez, begirada ugarietatik burutu dira azterketak. Halere, "bai baina…" aitzakiaz betetako tonu eta narratiba gehiegitxo sumatu dut; diktadore hutsa denak agindutako inbasioa argi eta garbi gaitzetsi ordez, zerrenda klasikoa atera dute askok: Balkanetan NATOk izan zuen jokabidea, erretorika antiamerikarra, Ukrainako desmilitarizazioa eta, ikaragarri haserretzen nauena, Ukraina eta naziak besterik gabe lotzen dituen argudioa. Ukrainan, munduko gizarte guztietan bezalaxe, ahots eta pentsaera anitz daude, baita ultraeskuindarrak ere. Baina, batez ere, bada demokrazian sinetsi eta beraren alde lanean diharduen gizarte sendo bat ere, historian zehar etengabe asko sufritu duen herrian.

Non ez daude ultraeskuindar joerako gizarte multzo handiak? Horrenbestetan goraipatzen ditugun Danimarka, Suedia edo Finlandian, esaterako, eskuin muturrean daudenak ez dira lau katu. Edo Kroaziarekiko edo Esloveniarekiko hainbestetan agertu dugun hurbiltasunean, zergatik ahazten dugu Kroazian nazismoak izan zuen eta duen indarra? Eskertuko genuke zorroztasun handiagoz aritzea, besteak beste, gutako bakoitzaren kontraesanak ere sarri askotan begi bistakoak direlako.

Nagusienetako bat aipatzearren, nabarmendu behar da eskuinak eta, batik bat, eskuin muturrak, narratiba eraginkorra sortu duela, bistako emaitzekin, nekatzeraino errepikatu eta eraiki den komunismo/ bolibarismo / chavismoaren lelo propagandistikoarekin, zeinetan Biden bera ere kokatu duten askok. Trumpen alde Floridako errepideetan eta telebistetan zabaldutako iragarkietan dirutza jarri zuten Venezuelako ultraeskuindarrek, Biden deabruarekin konparatuz, deabru komunistarekin. Putinek, ordea, ez dio gutxi zor Trumpi, gizon azkartzat jo berri duen presidente ohiari. Antikomunismoa erlijio bihurtu duen Bolsonarok ere berriki egina dio bisita bere lagun Putini. Maduro, besterik ez genuen espero, berehala atxikitu zaio Putini. Bitxia kontua. Bi muturreko etsaiak, Maduro eta hura kendu nahian dabiltzanetako Putinen sostengu dira, zuzenean edo zeharka beraren bidelagun; bizitzaren paradoxak!

Gauza bera esan dezakegu Erresuma Batuaz. Zinismoa, kamaleonismoa eta gizakion etengabeko kontraesanen adibide bat gehiago, azkena izango ez dena. Boris Johnson sutsu agertu da orain krisialdian, baina bekatua aspalditik dute etxean. Gordon Brown laboristaren garaietatik errusiar oligarkei ate-leihoak parez pare zabaldu zaizkie. Besteak beste, Premier-aren loraldiaren jatorria ez dabil eskuzabaltasun horretatik oso urruti. Londongrado, Paul Krugmanen hitzetan. Nolanahi ere, bekatarien zerrenda osatzeak luze joko liguke, eta orri labur hau gailenduko luke.

Ukrainako iluntasunaren aurretik, ordea, hainbesteko premia dugun argia iritsi zitzaigun Txiletik. Artikulu oso bat merezi du hangoak, eta bueltatuko gara horretara. Oraingo honetan, pare bat zertzelada. Gabriel Boricek, Izkia Sichesek, Giorgio Jacksonek edo Camila Vallejok osatzen dute gaur, martxoaren 11n, kargu hartu duen gobernua. Historikoa, aurrekari gutxi daude han gertatu denaren pareko, eta itxaropen mezu garbia ekarri digu, iluntasun garaietan ezinbestekoa.

Argitsua izan zen hauteskunde kanpaina. Bata bestearen atzetik ehunka irakasbide aipatuko nituzke. Adibidez, Camilak, Izkiak eta Gabrielek hamarkada batean egin dutena benetako laborategia da, laborategi erreala. Unibertsitate mugimenduetan hasi eta nazioko ardura gorenetara iritsi izanak frogatu du politikak oraindik asko duela emateko. Gurearekin alderatuz, gizarte aise gazteagoa da Txilekoa, eta alde horretatik ez da erraza konparaketak egitea. Esan dezadan, halere, Txilen belaunaldi aldaketa nabarmena gertatu dela, edozein gizarteren iraupenerako ezinbestekoa dena. Guztia, halere, belaunaldi haustura gabe gertatu da, eta horren lekuko da hauteskunde egunean Gabriel Boricek Ricardo Lagosi eta Michelle Bacheleti emandako besarkada sentikorra.

Kroaziar diasporaren semea da Gabriel Boric. Eta bada gure diasporaren inguruan gauza bat da saihetsi ezin duguna: zintzotasunez errealitatea onartzea. Txilen euskal diasporaren parte nabarmen bat Pinocheten jarraitzaile sutsua izan da; azkeneko hauteskundeetan Jose Antonio Daski botoa eman diona. Gizartearen eta euskal diasporaren aniztasuna. Txaleko horien agertzeak berehala erakutsi digu ez duela erraza izango Boricek.

Ukrainak eta Txilek irakasbide ugari dakarzkigute. Bolsonaroren egun bertsuetan bisita egin zion Alberto Fernandezek Putini. Peronistari botoa ematea, Trumpi edo Joe Bideni ematea bezalaxe, ez da ondorio gabeko erabakia. Interes bortitzak daude jokoan, gasaren eta petrolioaren hornidura, geopolitika, armen industria. Baina guztiaren aurretik, ondo erabaki behar dugu historiaren zein aldetan gauden, autokratekin eta diktadoreekin edo milioika gabezia dituen demokraziarekin.

Ukrainako haur eta gazteek itxaropen mezua merezi dute. Euskadiko belaunaldi gazteek ere dutena baino argi gehixeago merezi dute. Txilek bidea erakutsi digu. Belaunaldien arteko hitzarmena da etorkizuneko giltza. Dagoeneko bizitza aldarte bat burutu dugunok eskuzabaltasun gehixeago erakutsi behar dugu, Txilen ulertu duten bezalaxe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak