Azaroaren 8an, The Washington Post egunkarian Jennifer Rubin zutabegile ezagunak bere poza azaldu zuen, Biden-en tonua berriro bueltan zetorrelako. Biden's genial tone is back, but the sales job has just begun da artikuluaren izenburua, norbaitek irakurri nahiko balu; Biden irribarretsu ikusiko du artikuluak lagun duen argazkian. Hilabeteetan haserre, betilun eta triste ibili ondoren, Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak azpiegitura egitasmo erraldoiari oniritzia eman eta gero berera etorri da Biden eta berarekin batera askok arnasa hartu dute.
Bigarren adibide bat. Reaganek garatu zituen politikekin ados egon edo zeharo aurka egon, aho batez aitortu beharra dugu haren baikortasun legendarioa; besteak beste, demokrata andana erakartzeko baliagarri gertatu zitzaiona. Hona hemen bi adibide esanguratsu, tonuak duen garrantzia adierazteko balio dutenak. Beste muturrean, berriz, beste milaka aurkituko ditugu. Urrutira joan gabe, Europako Ekialdeko herrialdeetan, ñabardurak ñabardura, irribarrea susmagarria da, fribolitatearen parekoa. Hoteletan "egun on" esatea askok erasotzat ere hartzen dute. Historian zehar jasan duten horrenbesteko sufrimenduren ostean, irribarrerako apenas arrazoirik ez dagoelako marra gorria argi eta garbi ezarria dute.
Eta gurean? Hasteko, esango nuke garesti antzean kotizatzen dela irribarrea. Sinetsita gaude gure zuhurtzia eta solbentzia irribarrearekin bat ez datozela. Norbaitek esan zigun irribarrerik gabeko seriotasuna dela gure marka, eta pandemiak indartu egin du jokabide markoa.
Egoera aldakorrean bizi gara, eta pandemiarekin zer gertatuko den aurreikustea ausardia galanta litzateke. Edonola, berriki, egoera ia gainditua genuela uste genuen hartan ere irribarreari iskin egin genion. Aukera egokia genuen poza partekatzeko, baina, akaso, baten batek erabaki zuen gure izaerari traizio egitea zela. Bizipozari etengabe iskin egingo bagenio bezala jokatzen dugu.
Arazoa dugu, ez txikia, kontu honekin. Historian zehar parekotasun gutxi duten erronkei aurre egiteko bidelagun gisa uko egingo bagenio bezala jokatzen dugu, eta horrek oraindik gauzak gehiago zailtzen ditu. Edozein modutan, pisutsu eta aldapatsu tokatzen ari zaizkigun garaietan, aringarri letorkiguke tonu baikorragoa.
Zakarkeriaren alardea ere bada gure artean, ez dugu urruti gure jokabide ugarietan, lantokietan, kanpotik datozen askok ohartarazten duten bezala. Eta hor apenas dago mugarik seriotasunaren eta edukazio oneko jarreren artean.
Horrek guztiak badu beste aldagai bat ere, hainbesteko ardura sortzen digun herri markari berari lotutakoa, etengabe arriskuan jartzen duguna. Bi hitzetan esanda: erakargarri izan nahi badugu, bekoki ilunak alde batera utzi eta atsegintasunaren bidetik ekin behar diogu, gero eta abiada azkarragoan doazen trenak galdu nahi ez baditugu.
Guretzat uraren pareko aldagaia bada ere, kanpotik datozenentzat erakargarri izan gaitezen are gehiago, ezinbesteko zaigu lehiakor izan gaitezen. Joseph Nye irakasle estatubatuarrak adeitasuna azpimarratu zuen aspaldi botere bigunaren punta-puntako lehentasunezko zerrendan. Talentuen eta enparauen inguruko estrategia guztien gainetik dago atseginak izatea; atsegin agertzen bagara bidearen erdia egina dugu, Afability, Joseph Nyeren hitzetan.
Baina, batez ere, bertakoek merezi dugu bizitzari beste era batera begiratzea; garai garratzetan mezu irribarretsuen premia dugu, errieta dosi sobrantea izan dugu eta. Gurean bizitza erakargarri egin nahi badugu, tonua aldatu beharra dugu; guztiok eskertuko genuke. Errekuperazio garai berriari ekin behar diogun honetan, ardatzaren ardatza tonua da, hori gabe ez dugu sinesgarritasuna inoiz berreskuratuko.
Hirugarren aldartea ere badu honek, munduan azaltzearen moduari lotutakoa. Kanpoan eraginkor izan nahi badugu, halaber, irribarreak salmenta izugarria du. Joseph Nye irakasle estatubatuarraren ildoa jarraituz, hark garbi zehaztua du botere bigunak, soft power-ak, geopolitikaren ardatzetan duen pisua eta eragina. Horretan adibide garbiena Nye irakaslearen herrialdea da. Boterearekin –hard power– batera estatubatuarrek neurririk gabeko baikortasuna eta bizitzeko era bat izan dute kontakizunaren bidelagun munduan barrena; hortxe oinarritu dute arerio gutxi duen erakargarritasuna. Bidenekin hasi eta Angela Merkelekin bukatuko dut Gabon usaineko narrazioa. Askorentzat Merkel da eredu, mitoaren bidean ere badagoela esango nuke. Badoa, eta, oro har, laudorioz betetako agurra izaten ari da. Komeni da, halere, haren ibilbidearen hasiera gogoratzea: kopetilun beti, barre gutxikoa, austeritatearen izenean. Egun, doalako edo ez, irribarretsu agertzen zaigu; askatasunaren seinale, errentagarriago dela ohartu da bera. Beraz, izan duen bilakaerak ere jarraitu beharreko ikasgaiak dakarzkigu; hamasei urteko ibilbide osoa erosi behar dugu, erostekotan.
Azkenik, lizentzia txiki bat hartuko dut aitorpen bat egiteko, baztertu beharrekoa izaten baita, ahal denean, norbere pasadizoak gogoeta mailan jartzea. Gabonak horretarako lizentzia emango al dit, sikiera! Guztiok jaso izan ditugu loreak batzuetan, lore ez direnak ere bai beste batzuetan. Lehendabizikotik gutxiagotan, bigarrenetik sarritxo. Hauxe pasadizoa: duela urte batzuk, egun ardura duen euskal politikari batek hauxe bota zidan, agur esateko tenorean: "Sinpatikoegia haiz". Munduko paraje askotan indargune denak hemen, akaso, beste traza bat duela ulertzen hasi nintzen. Loreak botatzea ere ez da gure usadiorik zabalduena, ez horixe. Marka da, gero, behingoz itxura zuen bat jaso eta berehala ohartzea erreprotxea zela gehiago; sotil esanda, hori bai. Kontuak kontu, Gabon zoriontsuak eta irribarretsuak izan ditzazuela. Dioten bezala, irribarreak ez baitu ahalegin berezirik eskatzen; egin edo ez, apenas sortuko digu neke eta kosturik, debaldekoa da: eta, gainera, guztiari egiten dio mesede, ekonomiari, osasunari, bizikidetasunari eta begirada gorago altxatu nahi badugu, gure herriaren irudiari.