Taxi-gidariaren ahotan, korrupzioak irentsi ditu 1991n zabaldu ziren itxaropen ugari. Meritokrazia-arrastorik ez duen herrialdean, ondorioz, uholdeka gazte ihesean doaz. Beste modu batera esanda, herrialdearen etorkizunean sinesteari utzi diote eta, larriagoa dena, milaka gazteren ekarpenak galduko ditu bidean Lituaniak. Kaunasen igaro nituen lau egunetan, taxi-gidariaren iritziak berretsi zizkidaten Europako Ekialdeko hainbat adiskidek.
Ez da, ordea, paraje haietan soilik gertatzen ari dena. Urrutira joan gabe, Argentina maite dugunok, han senideak eta adiskide estuak ditugunok, kezkaz bizi dugu handik datorkiguna. Kaunasen antzera, Ezeiza sindromea nagusitu da Argentinako gazte eta horren gazte ez diren argentinarren artean, euskal jatorria duten ugari tarteko. Herriaren etorkizun bakarra Buenos Airesko aireportu nagusian hegaldia hartu eta betirako norbere aberria atzean uztea izatea izugarrizko porrota da. Euskal jatorriko belaunaldi ugarik eraiki zuten Argentina, eta orain, horien arteko askok bueltako bideari ekin diote.
Hortxe, ñabardurak ñabardura, munduan barrena indartu den kontakizuna. Diagnosia egiterakoan ez da zalantzarik kolore askotako hurbilpen eta azterketak egin daitezkeela. Konplexua da, ez guztiz zuria ala beltza. Baina mesede egingo liguke Lituanian eta Argentinan gertatzen direnak egoki irakurtzea. Kalte izugarria egiten digu munduan gertatzen ari direnak gureak izango ez balira bezala ikusteak. Immunitatea aspaldi galdu genuen. Etorkizuna jokoan dugu, ez gehiago ez gutxiago. Entzutea da gakoa. Taxi-gidariei ere arreta jartzea ez da ariketa aldrebesa.