Egoera aldatzearekin bat, XX. mendeko 60ko hamarkadan genituen pareko erronkak ditugu berriro ere aurrez aurre. Gauzak horrela, hurrengo hamarkadetarako narratiba berri bat ezinbestekoa zaigu. Erantzunean asmatzea da gakoa, ordea.
Han eta hemen ezarrita dauden parametroak oinarri, zuzentasunaren esparruan adostutako erantzuna da egun gailentzen ari dena. Bi hitzetan laburbilduz, hauxe da: zehaztasun urriko hitz potolo ugari, berrikuntza, kohesioa, gardentasuna, aniztasuna, kogobernantza, jasangarritasuna eta enparauen formulazio estandarra, arima gutxikoa eta izaera burokratikoa duena.
Bien bitartean, zelaia estutu egin zaigu, zahartu, inon ez bezala; baina, horren aurrean eta beharko lukeen erantzun sendoaren ordezko, kaltegarri den isiltasuna ezarri da, etorkizunari egin dakiokeen ekarpenik ahulena.
Berpizkunde errepikaezinaren ostean, loaldia nagusitu da eta bidean arima ere moteldu zaigu. Loaldiak luze joko balu, ordea, esnatze ordurako berandu izatearen arriskua ere hortxe daukagu. Gehiegizko fedea eta ardura jarria dugu burokraten esku. Ez baita gauza bera plangintza baten kudeaketa eta etorkizuna sendo eta eraginkor eraikitzeko behar dugun lidergoa.