Arrasateko haurrek ez dute ohiko euskarazko udaleku eskaintzarik izango; zergatik?

Gaur, ekainak 29, gure seme-alabak irrika berezi batekin esnatu dira. Etxekook prestatu diegun hamaiketakoa motxilan sartu, bisera jantzi, eta arrapaladan atera dira kalera, udalekuetako lehen egunari ilusioz ekiteko asmoz.

Polita izango litzateke familiako egunerokoa honela hastea, baina errealitatetik oso urrun dago. Aurten Arrasaten ez da ohiko udalekurik egongo. 2020ko uztailean, azken 32 urteetan –azkar esaten da– Txatxilipurdik mimo handiz modu hezitzaile eta profesionalean antolatu dituen udalekuek ez dituzte orain arte bezala gure kaleak euskara, jolas, kantu eta alaitasunez beteko. Eta idatzi hau sinatzen dugun gurasook kezka handiz bizi dugu hau.

Agerikoa da COVID-19aren krisi honek gauza asko aldatu dituela. Ondorio eta kalte nabarmenak sortu dituenik ezin dugu ukatu. Alabaina, badira aste batzuk egoera berri batera egokitzeko neurriak hartzen hasi direla hainbat eremutako eragile ezberdinak.

Norabide horretan kokatzen dugu Txatxilipurdik Arrasateko Udalari luzatutako proposamena. Maiatzean jakin genuen halabeharrez bertan behera geratuko zirela ohiko udalekuak eta elkarlanerako proposamena luzatu ziola Txatxilipurdik Arrasateko Udalari. Hain justu, ardura osoa elkarteak hartu beharrean, egoeraren ezaugarriak kontuan hartuta, aisialdi eskaintza publiko bat osatzeko planteamendua. Arrasateko Udalak, ordea, ez du 3-12 urte bitarteko haurrentzako eskaintza osatzeko proposamenik egin.

Badakigu herri ezberdinetan, ardura publikotik, alternatibak bilatu direla, bizi dugun egoera kontuan hartuta, herritarren beharrei erantzunak bilatzen saiatzeko. Ez da hori Arrasateko kasua. Arrasateko Udalak haurrak ahaztu ditu, haurtzaroaren aldeko politika publikoek inoiz baino garrantzitsuagoak izan beharko luketen honetan. Badirudi Arrasateko familiak, eta, batez ere, haurrak, hirugarren mailakoak direla. Izan daitezela haurrak ur-parke berriaren zinta moztuko dutenak, baina hiru hamarkadatan zehar Arrasaten uztailean egon den egitasmo garrantzitsuenak, krisi momentu batean, ez dauka laguntzarik, ez dauka babesik, ez dauka elkarlanerako aukerarik. Helduok egitarau dotorea edukiko dugu kulturaz gozatzeko, Udalak gure kontsumo aisialdia bermatuko baitu, baina haurren aisialdia zer? Gure ezinegona plazaratu nahi dugu Udalak haurren aisialdiarekiko erakutsi duen interes faltagatik eta herriarentzat hain garrantzitsua den gai honekiko erakutsitako utzikeriagatik. 

Txatxilipurdik, enegarrenez, oztopoen gainetik bere burua berrasmatu eta uztailerako haur eta familientzako aisialdi eskaintza plazaratu du, haurtzaroaren beharrei bertatik bertara erantzunez. Idatzi honen atzean gauden guraso eta senideok, eta ziur gaude beste herritar askok ere, Txatxilipurdiri gure eskerrik onena adierazi nahi diogu hartutako arduragatik, egindako ahaleginagatik eta beharrei errealitatetik erantzuteagatik. Mila esker, Txatxilipurdi, urte osoan zehar Arrasateko haur eta gaztetxoentzat aisialdi hezitzaile eta euskalduna eskaintzeagatik. Mila esker Arrasateko zein Euskal Herriko eragile eta herritarrekin auzolanaren zein elkarlanaren balioa praktikatik frogatzeagatik. Mila esker zuen gertuko profesionaltasunagatik. Mila esker Arrasateko herri eta komunitatearen ezinbesteko eragile izateagatik. Eta, bukatzeko, mila esker 32 urtetan zehar uztaila hilabete magiko bihurtzeagatik. Bejondeizuela!

----------

Iakes Madinabeitia Markuleta, Ion Beltza Igoa, Izaro Uriarte Azpiazu, Maider Arregi Sampedro, Nahiara Odriozola Lopez eta Lur Sanpredo Ruiz de Alegria

(Beste hainbat gurasoren izenean)

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak